Aitor Mimenza, Eneritz Aramendi eta Naiara Tena azpeitiarrek irabazi dute Iñaki Iruretaren omenezko Zestoako 44. Herri Krosa. Hain zuzen, Mimenza eta Aramendi helduen lasterketaren ibilbide luzean izan dira garaileak; Naiara Tenak, berriz, proba motzeko txapela irabazi du. Gaur goizean, 10:00etatik hasita, jokatu dituzte haurren zein helduen probak Zestoan. Giro aparta nagusitu da herrian goizean zehar, eta jende asko gerturatu da senitartekoak zein lagunak animatzera.
Helduen lasterketa luzea 8,5 kilometrokoa izan da, eta, motza, 2,6 kilometrokoa. Ibilbide luzeari dagokionez, gizonetan Mimenza izan da helmugara heltzen aurrenekoa; emakumeetan, berriz, Aramendi izan da azkarrena. Ibilbide motzeko proban, gizonetan Bingen Aranbarri azkoitiarra iritsi da aurrena eta emakumeetan Tena.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, helduen lasterketa luzean 86 korrikalarik hartu dute parte; motzean, berriz, 61 parte hartzaile izan dira. Korrikalari guztiak helmugara iritsi ondoren, 12:45 aldera, banatu dituzte sariak.