Lagun Onaken gizonen talde nagusiak berdindu egin du asteburu honetan Donostian, Añorga K.K.E. taldearen aurka; emakumeen talde nagusiak, berriz, hiru puntuak poltsikoratu zituen ligako liderra den Antiguoko K.E. taldeari irabazi ostean.
Lagun Onaken gizonen talde nagusiak Donostian jokatu du asteburu honetan jardunaldiko partida, Añorgaren aurka, eta neurketa berdinketan amaitu zen. Gol bana sartu zuten taldeek, eta 1 eta 1 amaitu zen azkenean partida. Hori horrela, bosgarren postuan dira gaur egun azpeitiarrak, 43 punturekin. Asteburu honetan Baskonia taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, etxean.
Emakumeen taldeak irabazi, liderraren etxean
Emakumeen talde nagusiak ere Donostian jokatu zuen aste honetako neurketa, larunbatean, 17:15ean. Hain justu, ligako liderra den Antiguoko taldea izan zuen aurrez aurre, eta neurketa gogor baten ondoren, 0 eta 1 gailendu ziren azpeitiarrak.
Azken asteetako dinamikari jarraituz zelairatu ziren azpeitiarrak larunbatean, intentsitate handiarekin eta atzean sendo. Defentsiboki lan ona egin zuen Lagun Onakek, eta baloia alde batetik bestera lasai mugitzea ere lortu zuen. Ondo aritu ziren bi taldeak lehen zatian, eta golik gabe joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi bezain laster sartu zuen Maria Sorazuk gola, 50. minutuan. Falta batean izan zen gola, estrategia jokaldi batean. Ondoren, bigarren zatiari geratzen zitzaizkion minutuetan atzean sartu zen Lagun Onak, baina defentsan egindako lan bikainari esker markagailua 0 eta 1 mantentzea lortu zuen. Hori horrela, hiru puntuak eskuratu zituzten liderraren etxean, eta seigarren postuan dira egun, 41punturekin. Aste honetan etxean jokatuko dute, Touring taldearen aurka.