23. Korrika

Korrika Txikiak beteko ditu kaleak arratsaldean

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 19a, 09:00

2022ko Korrika Txikia, plazan. Gaur arratsaldean ere hantxe egingo dute bukaerako ekitaldia.

15:30ean hasiko da herriko ikasle gazteenen euskararen aldeko lasterketa igerileku aurrean. Lekukoa kalez kale eta eskutik eskura ibili ondoren iritsiko da plazara, ekitaldi bateraturako.

Bihar goizaldean, 04:36 aldera, hartuko dute Azpeitiko eragileek 23. Korrikaren lekukoa lehen aldiz, Lasaoko gasolindegiaren parean. Baina AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko etengabeko lasterketa herrira ailegatu aurretik , Azpeitiko ikasle gazteenen Korrika Txikiak berotuko du giroa.

15:30ean hasiko da Korrika Txikia Sanjuandegin, igerilekuko atarian. Handik, saihesbideko biribilgunea zeharkatu, eta Jose Artetxe kalean eta Foru Ibilbidean barrena, Julian Elortza etorbideko biribilguneraino iritsiko da Korrika Txikia; biribilgune horretan buelta hartu, eta Enparango zubitik barrena sartuko da Alde Zaharrean, hango kaleak zeharkatu ondoren plazara iristeko.

Sanjuandegitik plazaraino, Korrika Txikiaren lekukoa eskutik eskura ibiliko dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eta Iraurgi Ikastetxeko HH4tik LH6ra arteko ikasleek, irakasleen eta gurasoen laguntzarekin. Plazan, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariak izango dituzte zain Korrika Txikiko parte hartzaileek. Hiru ikastetxeetako ordezkariak udaletxeko balkoi nagusira igoko dira, lekukoan gordetako mezua udal ordezkariekin batera irakurtzeko. Festa giroan borobilduko dute ekintza plazan, 16:30ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide