Gaur zabalduko dute Sorkuntza Beketara proiektuak aurkezteko epea

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 19a, 11:00

Patxi Juaristi 2023ko Sorkuntza Beken irabazleetako bat, Betharram aretoan jarri duen lanaren aurrean. (Ihintza Elustondo)

Udalak 20.000 euro bideratuko ditu Sorkuntza Beketara, artistek kultur arloko proiektuak gara ditzaten. Laguntzen gaineko xehetasunak azaltzeko, informazio saioak egingo ditu Kulturaz kooperatibak. Apirilaren 18an amaituko da proiektuak aurkezteko epea. 

Kultur arloko sorkuntza bultzatzeko asmoz, Sorkuntza Bekak banatzen ditu Azpeitiko Udalak Kulturaz kooperatibaren laguntzaz 2017az geroztik. Orain gutxi zabaldu zuten iaz banatutako bekei esker sortutako proiektuak biltzen dituen erakusketa Betharram aretoan, eta gaur, asteartea, zabaldu dute aurtengo beka deialdira proiektuak aurkezteko epea. Aurten ere 20.000 euro jarriko ditu udalak artistek proiektuak sor ditzaten, eta bi laguntza mota izango dira: batetik, 12.000 euro bideratuko ditu kultur sorkuntzaren modalitatera, eta bestetik, 8.000 euro kultur sorkuntzako egonaldien modalitatera –4.000 euroko bi beka izango dira–.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, beken helburua da kultur eremuren batean diharduten edo hasi nahi duten pertsona fisikoei kultur sorkuntza bat lantzen laguntzea. Artistaren irudimenetik eratorritako lanak bultzatu nahi ditu erakundeak; hau da, musika, pintura, eskultura, literatura, antzerkia, zinema, komikia, soinu konposizioa, ikus-entzunezkoen konposizioa, konposizio digitala, dantza edo beste diziplinaren batekin lotutako lanak egin ahal izango dira beken bidez. Apirilaren 18an amaituko da proiektuak aurkezteko epea.

Bete beharreko baldintzak

Hainbat baldintza bete beharko dira beka deialdira aurkeztu ahal izateko. Lehenik, beharrezkoa izango da eskatzaileak 16 urte baino gehiago izatea eta Azpeitiko Udalak diru laguntzak emateko eratutako ordenantza arautzailearen 10. artikuluan eskatutako baldintzak betetzea. Era berean, kultur sorkuntzako egonaldien modalitatean, egonaldiak gutxienez sei astekoa izan beharko du. Aldiz, beka ukatzea eragingo dute arrazoi hauek: ibilbide luzeko artista izateak (arlo jakin batean bost urtetik gorako eskarmentua), kultur arloren batetik urtean 28.000 euro gordin baino gehiagoko diru sarrerak izateak, eskatzailea elkarte bat izateak, aurreko deialdietan sorkuntza bekaren onuradun izateak (proiektua diziplina berekoa bada) eta proiektuak indarkeria bultzatzeak edo indarkeria motaren bati apologia egiteak.

Azpeitiko Udalak Kulturaz kooperatibaren laguntzarekin banatzen ditu Sorkuntza Bekak, eta bekaren inguruko xehetasun orokorrak azaltzeko, webinar bat –mintegia online– gauzatuko du Kulturazek martxoaren 26an, 18:00etan. Horrez gain, banakako aholkularitza saioak egingo ditu apirilaren 3an (10:00-12:00) eta apirilaren 4an (16:00-18:00). Bekaren oinarriei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazio guztia lotura honetan kontsulta daiteke. Webinarrean eta aholkularitza saioetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da izena ematea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide