Hiru, bi, bat, grabatzen! Aspertu, ez zen aspertzen haurtzaroan Nerea Arakistain kazetaria (Azpeitia, 1997). "Showzalea eta familiako txupakamera" omen zen, hala definitzen zuten behintzat etxekoek. "Kamera bat zegoen lekuan, hantxe nengoen ni", dio azpeitiarrak. Azaldu duenez, umetatik gustatu izan zaio telebista mundua: "Saltsa ikaragarri gustatzen zitzaidan. Kamera hartu eta aurrean nuen guztia grabatzen nuen, eta bestela, nik egiten nituen aurkezle eta kantari lanak". Ez zekien, ordea, gaur egun ogibidea izango zuenik: "Ez nuen esaten 'hau edo bestea izango naiz handitan'. Ez nekien zer izan nahi nuen, ez nuen horretan pentsatzen". Honakoa kontatu du bitxikeria modura: "Haurra nintzeneko bideoak ikusten ari nintzen aurrekoan amarekin, eta oporretara joan gineneko bat topatu genuen. Bertan azaltzen nintzen ni, egun horietarako alokatu genuen etxearen tour bat egiten, gaur egungo influencerren pareko!", azaldu du barrez.
Kamerak eta mikrofonoak ez dira, alabaina, Arakistainen zaletasun bakarrak: dantza "pasioa" da berarentzat, eta oso gustuko du eszenatokia, baita mundu horrek barnebiltzen duen guztia ere. Egun, Donostian igarotzen du eguna azpeitiarrak, Miramonen grabatzen duten EITBko Biba zuek saioaren zuzendariordea baita.
Horra heltzeko, ordea, lan asko egin behar izan du Arakistainek. Derrigorrezko ikasketak amaitu zituen, eta unibertsitatera joateko hautua egin zuen orduan. Hainbat aukera zituen esku artean, eta azkenean, Komunikazioa ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. Komunikazio digitala eta ikus-entzunezkoa lantzen dira gradu horretan, azpeitiarrak azaldu duenez. "Edukiak sortu nahi nituen, baina ez nekien zehazki zer egin, eta arlo guztiak ukitzen dituen gradua aukeratu nuen". Zirraragarritik asko ez zuen izan lehenengo urteak, kazetariaren aburuz. "Teoria asko eta praktika gutxi". Urteak aurrera joan ahala ikusi zuen, ordea, erabaki ona hartu zuela eta "behar zuen lekuan" zegoela.
Bi praktikaldi egin zituen unibertsitate garaian: lehenengoa enpresa batean, baina mundu horrek ez zuen asko konbentzitu. Hala, betidanik maite izan duenari jarraiki, bigarren praktikaldia EITBko albistegietan egitea erabaki zuen. "Ikaragarri harritu ninduen hango erritmoak. Iritsi, landu beharreko gaiak zeintzuk ziren ikusi, kalera joan, grabatu, editatu eta albistegietan eman". Bi hitzetan deskribatu du esperientzia hura: "estresa" eta "adrenalina". Honakoa gehitu du: "Aldi berean, estres eta adrenalina hori gustatu egiten zitzaidan. Azken finean, nire ustez, hori da kazetaritza". Bigarren praktikaldi horretan asko ikasi zuela dio, eta oroitzapen oso onak ditu.
Horrez gainera, unibertsitatetik igarotzen diren gazte askok bezalaxe, Arakistainek ere Erasmus programan parte hartu zuen. Groningenera (Herbehereak) joan zen. "Dokumental bat egin behar izan nuen han. Kameraren aurrean, atzean, zuzendari lanetan eta editatzen jardun nuen. Pila bat ikasi nuen". Gogoan du esperientzia hartan ohartu zela kamera aurreko lana zenbat gustatzen zitzaion.
Gradua amaitzean, ordura arte ikasitako guztia aberasteko eta forma emateko asmoz, Madrilerako bidea hartu zuen azpeitiarrak, Irrati, Telebista eta Multimedia masterra egiteko. Hasiera batean ikasturte osoa Madrilen igaro behar bazuen ere, etxetik amaitu behar izan zituen ikasketak, pandemia zela medio. Irudimena erruz landu behar izan zuen orduan, etxea telebistako plato bilakatzeraino: "Nire gelatik, egongelatik eta balkoitik egin behar izan nituen zuzenekoak, bideoak, argazkiak... Etxekoek barre pila bat egin zuten nirekin konfinamendu garaian, eta egia esan, ez ginen batere aspertu". Zera gehitu du: "Kristorena izan zen Madrileko esperientzia. Irakasle oso onak izan nituen, gainera". Kiss FM irratian egin zituen praktikak, gaueko albistegietan.
Biba zuek
Etxera itzuli eta lan bila hasteko unea iritsi zitzaion Arakistaini. Hain zuzen, Klaudio Landak aurkezten zuen EITBko Eztabaida saioan egin zituen lehen urratsak. "Hiru aste inguru eman nituen Eztabaida saioan lanean". Ordurako martxan zen EITBn bertan Biba zuek programa, eta Eztabaida-ko kontratua amaitu orduko bertan hasteko eskaintza iritsi zitzaiola kontatu du. "EITBn ikusi ninduen lagun batek, eta ea Biba zuek saioko baja bat estaltzea interesatzen zitzaidan galdetu zidan. Hurrengo egunean bertan hasi nintzen". Hasieran kolaboratzaileen atalak kontrolatzen zituen Arakistainek; ondoren, gonbidatu nagusiekin lan egitera igaro zen, gero koordinatzaile gisa jardun zuen, eta orain, zuzendariordea da bertan. Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus dira aurkezleak, eta Miramonen (Donostia) grabatzen dute.
Eskaletaren bilera batekin hasten dute eguna. Kazetariak azaldu duen moduan, zuzendaria bereziki bigarren atalaz arduratzen da, eta bera, berriz, lehenengoaz. Lehen bilera horren ondoren, bi taldetan banatu eta egun horretarako aurreikusitako elkarrizketak errepasatzen dituzte. "Aurkezleekin batera elkarrizketatuen galderak errepasatzen ditugu, eta eskaletan dugun guztia goitik behera irakurtzen dugu". Teknikoekin ere egiten dute bilera, posizioak eta saioaren elementuak zeintzuk diren errepasatzeko, eta zerbait aldatu behar bada, aldatzeko. Bazkalondoren, gidoiari buruzko bilera egiten dute, eta horren ondoren, zuzenekora sartzen dira. Esan bezala, Arakistainek lehen zatia zuzentzen du: aurkezleak gidatu, errealizadoreak bideratu, bideoei pasoa eman... "Sekulako lantaldea da Biba zuek saiokoa. Oso profesionalak dira guztiak".
Azaldu bezala, kamera atzean egiten du lan orain Arakistainek. Bere ametsez galdetzean, baina, honakoa esan du: "Oso gustura nago nagoen lekuan, baina niri berriemaile lana gustatzen zait. Gozatu egiten dut kameraren aurrean jartzen naizenean, horrela izan da bai masterrean eta baita praktiketan ere. Aurrera begira, edukiak sortzen lan egitea gustatuko litzaidake".