Bihar jokatuko dute XII. Erniarraitz bertso sariketako finala 22:00etan hasita, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Euskal Herriko hamabi bertsolari gaztek parte hartu dute sariketan, eta afari bueltan egindako kanporaketako bi saioetan erabaki dira finalean arituko diren sei bertsolariak; honakoek lortu dute finalean kantatzeko aukera: Andoni Rekondok, Gorka Pagonabarragak, Eki Mateorenak, Irantzu Idoatek, Aitor Tatiegik eta Maite Sarasolak.
Martxoaren lehenean jokatu zuten lehen kanporaketa Azkoitiko Martirieta auzoko elkartean Naia Arrizabalaga, Maddi Agirre, Aitor Tatiegi, Andoni Rekondo, Garazi Navarro eta Maite Sarasola bertsolariek. Kanporaketa hori irabazita Rekondok zuzenean finalerako sailkatzea lortu zuen.
Bigarren kanporaketa saioa, berriz, Zestoako Lau Iturri elkartean jokatu zuten joan den ostiralean. Ordukoan, Gorka Pagonabarraga, Julene Iturbe, Aimar Sorazu, Irantzu Idoate, Maddi Aiestaran eta Eki Mateorena aritu ziren bertsotan. Kanporaketa irabazita, Pagonabarragak eskuratu zuen finalean kantatzeko txartela.
Aurreko bertso sariketaren edizioetan ez bezala, afari bueltan jokatu dituzte oraingo kanporaketako saioak. Formatu aldaketak emaitza ona izan duela uste dute Erniarraitz bertsozale elkarteko Oier Etxeberriak eta Ion Gurrutxagak. «Beste sariketa batzuk ere badaude bertso afari bueltan egiten eredu direnak, Osinalde sariketa esaterako. Jendea errazago biltzen da mahaiaren ingurura, eta emaitza hala izan da. Sariketa formatuz aldatzeko ahalegina egitea erabaki genuen, eta erantzun ona jaso dugu jendearen aldetik, bi kanporaketetan elkarteak bete egin baitira. Beraz, esperientzia positiboa izan da», adierazi du Etxeberriak.
Bi kanporaketetan «giro beroa, ederra eta etxekoa» izan dela nabarmendu dute Erniarraitzekoek. Finalerako sailkapeneko bi kanporaketek bertso aldetik «ale politak» utzi dituztelakoan dira Erniarraitzekoak, eta finalerako seikotea «orekatua» gelditu dela uste dute: «Final ona izateko aukera dugu. Kanporaketetan oso gauza politak atera dira, eta finalean ere hala izateko arriskua dago». Txapela janzteko faborito garbirik ez dute ikusten Erniarraitzekoek.
Gazteen aukera
Bertsozalea izan ala ez izan, finaleko saiora joatera animatu dituzte herritarrak. «Bertsozalea denak edo hala dela uste duenak transmisioaren ideiaren arduran inplikatu egin behar du. Entzuleak bertsolari gazteak entzuteko prestutasuna eduki behar du, eta bertsolari gazteei aukera eman behar zaie», esan du Gurrutxagak. Nabarmendu dute eskolartekoa bukatu eta plazetan hasteko tartean, Erniarraitz sariketa bezalakoak aukerak direla bertsolari gazteentzat.
Sariketako formatu aldaketak antolatzaileei «inplikazio handiagoa» eragin diela azaldu dute Erniarraitzeko kideek. «Saioa areto batean denean, inpertsonalagoa bezala izaten da, entzulea saioaren momentuan bakarrik egoten delako. Saioa afari bueltan egindakoan, berriz, entzulearekin harremana luzeagoa da. Prestakuntza aldetik, ezinbestean, dedikazio gehiago eskatzen du, bai egunean bertan eta bai aurretik ere», dio Etxeberriak.
Bertsozale elkarteak sariketa formatuz aldatzea erabakitzearean arrazoia «indar erakustaldi bat» ere bada, Gurrutxagaren ustez. «Jendeak pentsatzen duena baino lan gehiago egin beharra dago, gaiak jartzea ere bertso eskolaren gain hartu dugulako. Beraz, formatu aldaketa honi erantzun ahal izateak Erniarraitz bertsozale elkartearen eta bertso eskolaren osasunaren berri ematen du. Alde horretatik, nahiko osasuntsu gaude