Mintegien beharra, baso aberatsak sortu ahal izateko

Iraia Oteiza 2024ko mar. 21a, 10:11

Aitor Aldalur eta IƱaki Eizagirre. (Iraia Oteiza)

Basoen falta dagoela eta, horiek sortzen hasi da Urola Bizirik taldea. Mintegiak osatu ditu, ondoren basoetan landatuko diren zuhaixkei hazten laguntzeko.

Naturari urte askoan kendu zaiona atzera itzultzeko beharra sentitu dute talde ekologista eta naturzale batek baino gehiagok, garai batean izaten ziren moduko basoak berreskuratzekoa. Hain zuzen, helburu horrexekin buru-belarri lanean dihardu Urola Bizirik taldeak, basoak sortu eta elkarrekin lotu nahian. Zeregin horretan laguntzeko, taldeko kideek mintegiak osatu dituzte Azkoitian eta Azpeitian.

Azkoitiko baratze parkean dute mintegietako bat, eta Azpeitiko Madalena auzoan bestea. "Zuhaitzen haziak ereiten ditugu aurrena mintegietan; ondoren, denbora batez bertan uzten ditugu, zuhaixka egiten diren arte; eta azkenik, basoan landatzen ditugu", azaldu dute Urola Bizirik taldeko Iñaki Eizagirrek eta Aitor Aldalurrek. Mintegi horietatik "zuhaixka asko" ateratzen direla diote; horrenbestez, baso aberatsak sortu ahal izateko, mintegien funtzioa "ezinbestekoa" dela adierazi dute.

Zuhaitz mota askotako haziak ereiten dituzte mintegietan, "baso batek askotarikoa izan behar duelako". Horretarako, zuhaitz "zaharrenak edo ederrenak" aurkitzen saiatzen dira, horien haziak bildu eta ondoren mintegietan landatzeko. Gereziondoa, sagar mina... ereiten duten oro bertakoa dela argi utzi nahi izan dute Eizagirrek eta Aldalurrek. Urtebetez edo, asko jota, bi urtez egoten dira landareak mintegian, "gehiago haziz gero, ondo- ren basoan landatzea oso zaila egiten delako". Udazkena eta negua izaten dira mintegietan hazitako landareak basoan ereiteko sasoirik onenak, eta landaketetarako deialdiak egiten ditu Urola Bizirikek, basoen beharraren inguruan herritar orok kontzientzia hartzea nahi dutelako.

Azkoitiko mintegian lanean. (Utzitakoa)

Planifikazio falta

Basoak berreskuratzeko lanean, "behetik" hasi behar izan dutela salatu dute Urola Bizirikeko taldekideek, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek "ezer egiten ez dutelako". Diotenez, "Jaurlaritzak egin beharrekoa oso argi dauka; badaki zein espezie falta diren eta baita baso berriak non haztea komeni den ere. Horren planak idatzita ditu". Aldundiei dagokie, baina, plan horiek aurrera eramatea, eta Gipuzkoakoak "ezer egin ez izana" salatu dute taldekideek. "Urte askoan etekina ateratzeko landaketak egin izan dira, pinu eta eukaliptoenak kasurako, eta begira zer gertatu zen pinuaren gaitzarekin... Etekinak atera nahi dituztenei laguntzen die aldundiak, baina ez basoei. Lurra izorratu dugu, eta orain da berreskuratzeko garaia", gaineratu dute. Basoei "bere horretan hazten" utzi behar zaiela diote, hori delako "behar dutena". "Europako Batasunak ere arrazoia ematen digu, haren azken txostenen arabera basoen %30 bakean utzi behar direlako. Hemen, aldiz, zuhaitzak bota egiten ditugu, basoen %1 baino gutxiago utzi baitugu bere horretan. Lotsagarria da". Hori horrela, baso aberatsak izan eta hortik etekina ateratzearen artean oreka aurkitu behar dela diote Eizagirrek eta Aldalurrek: "Ongi dago zuhaitzak bota eta etekina ateratzea, baina zuhaitz bat botatzen den aldiro halako bi erein behar dira. Aspaldiko esaera da hori, jada ahaztu zaiguna".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide