Ordu batzuk baino ez dira falta Diego Garciaren oroimenezko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako, eta aurki hasiko dira eliteko lasterkariak Euskal Herrira iristen. Hori horrela, probaren antolatzaileek jada ezagutarazi dute eliteko parte hartzaileen behin betiko zerrenda. Gaur-gaurkoz, eliteko honako kirolari hauek izango dira larunbatean maratoi erdian: gizonetan, Alfred Mukche, Meshack Kimutai, Elijah Kibet, Julius Kiprono eta Josephat Kiprono keniarrak, Embay Goitom etiopiarra, Nicolas Cuestas uruguaitarra, Moath Alkhawaldeh jordaniarra, Boukebal Aziz frantziarra, eta Jesus Olmos espainiarra; eta emakumeetan, Rose Chelimo eta Cynthia Chepchirchir keniarrak, Boulaid Kaoutar marokoarra, Irene Pelayo espainiarra eta Elena Loyo gasteiztarra.
Gaur bukatuko da maratoi erdian nahiz lasterketa herrikoian izena emateko epea, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko 1.200 korrikalariren langa pasatu dute.