Correoseko banaketa-unitateen egoera salatu dute

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 21a, 17:04

Elkarretaratzea egin dute gaur Azpeitiko Correoseko bulegoen atarian. (UGT)

UGT sindikatuak deituta, Gipuzkoako Correoseko langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur banaketa-unitateen egoera salatzeko. "Kontratazioa areagotzea, zerbitzu publiko hobea nahiz lan-baldintza duinak izatea eta Zerbitzu Publiko Unibertsala betetzea" aldarrikatu dute. 

Correoseko langileek Gipuzkoako banaketa-unitateen egoera salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte gaur Gipuzkoako hainbat herritan, tartean Azpeitian eta Azkoitian. UGT sindikatuak deituta mobilizatu dira. Salatu dutenez, banaketa-unitateen egoeraren ondorioz, "zerbitzu txarra" eskaintzen dute. "Ez dituzte bidalketa asko entregatzen denborarik ez dutelako, eta, ondorioz, herritarrei zerbitzu txarra ematen diete", azaldu du sindikatuak ohar bidez.

Sindikatuaren arabera, "enpresako zuzendaritzak urteak daramatza kostuak aurrezteko politika egiten", eta horrek eragina izan du langileen lan baldintzetan. UGTren arabera, langile kopuru murriztuak "lan karga areagotzen" die gainerako beharginei: "Lana aurrera ateratzeko gehiegizko esfortzuak lan-gainkarga eragiten du, eta horrek eragina du langileen osasunean. Langile faltak antolaketan eragiten du. Postariak banaketa amaitu aurretik banaketa-unitateetara itzuli behar izaten du sarritan, eta horrek bigarren irteera bat egitera behartzen ditu, banaketa eraginkorraren denbora murriztuz". 

Ate joka dauden bi hauteskunde-prozesuek "are kezkagarriago" egiten dute egoera; izan ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeekin eta Europako Parlamenturako hauteskundeekin lan karga nabarmen handituko zaie postariei. Postaririk gabe, posta bidezko botorik ez leloa irakur zitekeen gaurko protestetako karteletan. 

Bezeroaren arretarako bulegoetan ere egoera txarra dela azaldu dute: "Lanaldi gehienak lau ordukoak dira, eta horrek ordu osagarrien abusua eragiten du lan gehiago izaten den garaietan. Gero eta lehentasun handiagoa ematen zaio merkataritza-funtzioari herritarrei zerbitzu ona emateari baino".

Hori dela eta, Correoseko langileek gaur eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte Donostiako, Irungo, Zumarragako, Ordiziako, Beasaingo, Errenteriako, Zarauzko, Elgoibarko, Bergarako, Eibarko, Billabonako, Usurbilgo, Azpeitiko eta Azkoitiko Banaketa Unitateetako Gipuzkoako zentroetan, "kontratazioa areagotzea, zerbitzu publiko hobea eta lan-baldintza duinak izatea eta Zerbitzu Publiko Unibertsala betetzea aldarrikatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide