Andoni Rekondok jantzi du XII. Erniarraitz sariketako txapela

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 23a, 10:10

Aurrenekoz Sanagustin kulturgunean jokatu zuten Erniarraitz bertso sariketako finala atzo gauean. Rekondo nagusitu zen, 287 punturekin. Itzederrek jantzi zion txapela irabazleari. Bertsorik onenaren saria ere Rekondok jaso zuen. Aitor Tatiegi sailkatu zen bigarren, eta Irauntzu Idoate hirugarren. Urolako Komunikazio Taldeak datozen egunetan jarriko du ikusgai finaleko saioa, osorik.  

Plaza berriak hartu du bertsolarien belaunaldi berriaren Erniarraitz sariketaren finala. Urte luzez Azpeitiko Gaztetxean jokatu ostean, Sanagustin kulturguneak hartu zuen bart XII. Erniarraitz bertso txapelketaren finala, eta Andoni Rekondo hernaniarrak lortu zuen txapela etxeratzea. Rekondok 287 puntu bildu zituen, eta haren atzetik sailkatu zen Aitor Tatiegi oñatiarra 255,5 punturekin. 

Finala 22:00etan hasi zen, eta ehundik gora lagun bertaratu ziren Sanagustinera saioaz gozatzera. Ohi bezala, adin guztietako bertsozaleak elkartu zituen finalak.

Umoretik baino hausnarketatik gehiago izan zuen saioak, gaiek horretarako aukera gehiago eskaini baitzieten bertsolariei. Hasierako agurrean, finalaren lekualdatzeari, norberaren aldarteari eta entzuleei egin zieten aipamena bertsolariek. Behin giroan sartuta, ohiko ariketei ekin zieten.

Ganbarakoan, honako hau izan zen kanturako gaia: Denbora daramazu talde lanean; gaur taldeko lider izateko aukera eskaini dizute. Enpresarien azalean, urteetan zehar jaramonik egin ez dioten neska gaztearenean, musika talde bateko abeslariarenean edota politikari profesionalarenean jarri ziren bertsolariak bakarkakoa osatzeko. Talde lanean aritzearen onena eta liderra izatearen alderik txarrena ekarri zituzten bertsoetara. Rekondok lan txukuna egin zuen ganbarakoan. Ion Izagirre txirrindulariaren aza­letik aritu zen Rekondo, orain arte taldekideentzat lanean aritu eta Frantziako Tourrean taldeburu izateko proposamena jasota.

Aurten, Itzeder Arrizabalaga trikitilaria arduratu da irabazleari txapela janzteaz. Erniarraitzek azaldu duenez, urte luzez, Erniarraitz bertso eskolaren bidelagun izan den trikitilaria da Arrizabalaga, eta bertsoari oso lotuta egon da beti. Gainera, trikiti doinuen bidez Urola Erdiko bertsolaritzak etenik izan ez dezan lagundu duela nabarmendu du bertsozale elkarteak. Hori dela eta, Itzederrek jantzi zion txapela atzo Andoni Rekondori.  

Bigarren sailkatuari, Aitor Tatiegiri, Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Kultur zinegotziak eman zion oroigarria. Bertsorik onenaren saria, berriz, Erniarraitzeko kide Manuel Agirretxek eman zion Rekondori, Bertan merkatari elkartearen izenean. Sei puntuko motzean abestutako bertsoagatik jaso zuen saria Rekondok.

Hona hemen sailkapena, osorik: 

  1. Andoni Rekondo (287 puntu)
  2. Aitor Tatiegi (255,5 puntu)
  3. Irantzu Idoate (251,5 puntu)
  4. Gorka Pagonabarraga (249 puntu)
  5. Eki Mateorena (245,5 puntu)
  6. Maite Sarasola (234 puntu)

Urolako Komunikazio Taldeak osorik grabatu du XII. Erniarraitz bertso txapelketaren finala. Datozen egunetan jarriko du ikusgai Erlo Guka telebistan eta Uztarria.eus-en. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide