Lagun Onaken talde nagusiek larunbatez eta etxean jokatu zituzten azken jardunaldiko neurketak. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Touringen aurka neurtu zituen indarrak 17:30ean Garmendipen, eta 1 eta 0 nagusitu zen Azpeitiko taldea, June Casinak egindako golari esker. Gizonen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, bestalde, 1 eta 2 galdu zuen Basconiaren aurka; haiek 18:30ean jokatu zuten partida, Garmendipen. Jagoba Erdoziak egin zuen etxekoen gola.
Nahiz eta emakumeek neurketa irabazi, asko kostatu zitzaien partidan sartzea. Normalean izaten duten intentsitatea ez zuten jarri jokoan; Touringek ere ez zuen min handirik egin, baina Lagun Onaki asko kostatu zitzaion baloiaren zirkulazioa egitea. Partidatik atera zuten gauzarik onena izan zen hiru puntu garrantzitsu lortu zituztela aurkari gogor baten aurka eta etxean beste behin galdu gabe jarraitzen dutela. 44. minutuan iritsi zen neurketako gol bakarra, jokaldi polit baten ostean. Malen Astigarragak pasea oso ondo ireki zuen bandara, eta Casinak erditik kanpoaldera desmarke oso ona egin zuen; Touringen atezainak ez zuen ondo aukeratu irteeera, eta zutoin-gol oso polita sartu zuen Casinak.
Horrela amaitu zen lehen zatia, eta bigarren zatian beste intentsitate batekin zelairatu zen Lagun Onak. Dena den, kostatu egin zitzaien, aurkariek pauso bat aurrera eman zutelako. Azpeitiko taldeak aukera oso onak izan zituen bigarrena sartzeko, baina ez zuten asmatu. Beste hainbaten artean, partidako jokalaririk onenetakoa atezaina izan zen; partida borobila egin zuen, alderdi askori dagokionez, eta besteak beste, bi baloi atera zituen oso ondo.
Orokorrean, gauza asko ikasteko eta lantzen jarraitzeko partida izan zen larunbatekoa. Gaur-gaurkoz, 44 punturekin, sailkapeneko laugarren postuan da Lagun Onak. Datozen bi asteetan atseden hartuko dute emakumeek, eta ondoren, beraien aurretik dagoen Urolaren aurka jokatuko dute; partida oso garrantzitsua izango da, beraz, etorkizuna asko markatuko duelako.
Aipatzeko beste kontu bat ere izan zen emakumeen azken neurketan. Ainhoa Bereziartua taldekidea min hartuta dago, eta hari animoak emateko pankarta atera zuten jokalariek zelaira. Lesio larria du Bereziartuak, eta harekin daudela adierazi nahi izan zuten taldekideek modu horretan.
Gizonek ezin irabazi
Hirugarren Mailako gizonek, bestalde, ezin izan zuten Basconiaren aurka irabazi. Aimar Vicandi Basconiako jokalariak egin zuen partidako lehen gola 60. minutuan, eta horri buelta eman ahal izan zion Lagun Onakek Jagoba Erdoziak 75. minutuan sartu zuen golari esker. Partida 1 eta 1 berdinduta zegoela, azken unean, 90. minutuan, Manex Irizarrek egin zuen Basconiaren bigarren gola. Horrenbestez, 1 eta 2 galdu zuen Lagun Onakek.
Une honetan, 43 punturekin, sailkapeneko bosgarren postuan da Lagun Onak.