Jardunaldi gazi-gozoa izan dute ISBko talde nagusiek berriro ere. Emakumeek larunbatean eta gizonek atzo, igandez, jokatu zituzten aste honetako neurketak. LF2 ligako Domusa Teknik ISBk Aranguren Mutilbasket taldearen aurka neurtu zituen indarrak, etxetik kanpo, Iruñean, eta garaipena eskuratu zuten Azkoiti-Azpeitiko emakumeek. Hain zuzen ere, 50 eta 72 gailendu zen taldea. Une honetan, hemezortzi garaipenekin eta bost porrotekin, sailkapeneko bigarren postuan da taldea. Gainera, azken neurketan igoera fasera sailkatzea lortu zuten emakumeek. Domusa Teknik ISB taldeak datorren larunbatean, martxoaren 30ean, jokatuko du datorren jardunaldiko partida, Bosonit Unibasketen aurka, 17:00etan, Azkoitiko kiroldegian.
Juaristi ISBk, bestalde, etxean neurtu zituen indarrak, Azpeitiko kiroldegian, Damex Udea Algeciras taldearen aurka. Gutxigatik, baina ezin izan zuten gailendu Iraurgikoek: 72 eta 78 galdu zuen Azkoiti-Azpeitiko gizonen taldeak. Une honetan, 34 puntu batuta, sailkapeneko zazpigarren postuan da taldea. Datorren larunbatean, martxoak 30, jokatuko dute gizonek hurrengo partida, Bueno Arenas Albacete Basket taldearen aurka, 19:00etan, Albaceten (Espainia).
Jokalarien gurasoak, asteko omenduak
50. urteurrenaren bueltan, klubeko pertsona eta talde esanguratsuak omentzen ari da Iraurgi Saskibaloia, eta atzo, Juaristi ISBren partidan, klubeko jokalarien gurasoei egin zieten omenaldia. "Ezinbestekoa da gurasoek ISBri ematen dioten laguntza ekintzak aurrera atera ahal izateko", adierazi du klubak. Infantiletatik gorako talde bakoitzeko jokalari bat atera zen kantxara, eta harekin batera, talde horretako guraso bat.