III. Kale Pintura Lehiaketa antolatu dute maiatzaren 5erako

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 26a, 10:40

Iker Mugarra, iazko txapelduna, Santutxon. (Nerea Uranga)

Lehiaketaren egunean, lanerako euskarriak Betharrametako erakusketa aretoan zigilatu ahal izango dira 09:00etatik 11:00etara bitartean. Ondoren, bukatutako lanak Betharram aretoan aurkeztu beharko dituzte partaideek 13:00etatik 13:30era bitartean. Edonork parte har dezake lehiaketan. 

Hirugarren urtez jarraian, Azpeitiko Kale Pintura Lehiaketa antolatu dute Arte eta Diseinu Ikastegiak (ADI) eta udalak. Maiatzaren 5ean, igandez, egingo dute lehiaketa. 2022an egin zuten Azpeitian kale pintura lehiaketaren lehen edizioa, eta egitasmoak izandako harrera ikusita, ekimenarekin jarraitu dute sustatzaileek. 

Edozein herritarrek parte hartu ahal izango du lehiaketan, eta horietako bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal izango ditu. Hori bai, lanak kalean eta Azpeitiko lurretan egin beharko ditu partaide bakoitzak. Hori izango da ezinbesteko baldintza. Edozein teknika edo material erabilita gauzatutako koadroak onartuko ditu epaimahaiak.

Lehiaketaren egunean, lanerako euskarriak Betharrametako erakusketa aretoan zigilatu ahal izango dira 09:00etatik 11:00etara bitartean. Ondoren, bukatutako lanak Betharram aretoan aurkeztu beharko dituzte partaideek 13:00etatik 13:30era bitartean, egilearen honako datuak adierazita: jaiotze data, nortasun agiriaren zenbakia, herria, helbidea eta telefono zenbakia.

Helduen mailako lehen sariaren irabazleak 800 euro jasoko ditu, eta bigarrenak, berriz, 500 euro. Horrez gain, herritar sari deitu dutena ere banatuko dute, eta haren irabazleak 300 euro eskuratuko ditu. 16 urtez azpiko parte-hartzaileen artean, aldiz, arte materialez osatutako bi sari banatuko dituzte: 12 eta 16 urte bitartekoen artean bata, eta 12 urtez azpikoen artean, bestea.

Antolatzaileek izendatutako epaimahaiak erabakiko ditu lehiaketaren lan irabazleak, eta igandean bertan, lehiaketaren egunean egingo dute sari banaketa: 14:30ean, Betharram erakusketa aretoan. Epaimahaiak erabakia hartu bitartean, hamaiketako eskainiko zaie pintura lehiaketako partaideei Sanagustin kulturgunean.

Lehen bi sariak eskuratzen dituzten lanak udalaren jabetzan geldituko dira, eta lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin osatutako erakusketa egitasmoaren biharamunean, maiatzaren 6an, zabalduko dute, Betharrametan, eta hilaren 19ra arte izango da irekita.

Iaz Iker Mugarrak eskuratu zuen lehen saria, Santutxon egindako margolanarekin. Kale Pintura Lehiaketaren lehen edizioa, berriz, Juanjo Altuna arrasatearrak irabazi zuen. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide