Bertsolaritzako Gipuzkoako Eskolartekoaren finalera sailkatu da Joanes Azpillaga

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 28a, 17:10

Joanes Azpillagak, Kattalin Arabolazak, June Aiestaranek, Sustrai Goenagak, Danel Etxeberriak eta Egiar Otegik eskuratu dute finalerako txartela. Apirilaren 12an jokatuko dute finala Itziarren.

Erabakita daude bertsolaritza Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketeako sei finalistak, eta tartean da Erniarraitzeko Joanes Azpillaga azpeitiarra. Ostiralean jokatu zuten azken kanporaketa, eta bertan erabaki zen finaleko seikoa. 

Guztira, lau kanporaketa jokatu dituzte, eta bakoitzeko irabazleak zein bi puntuazio altuenak osatu dute seikoa. Joanes Azpillaga (Erniarraitz), Kattalin Arabolaza (Xenpelar), June Aiestaran (GoiBe-Harituz), Sustrai Goenaga (GoiBe), Danel Etxeberria (Harituz) eta Egiar Otegi (Xenpelar) ariko dira finalean nor baino nor. Iaz seitik bost Harituz bertso-eskolakoak izan ziren. Aurten, lau bertso-eskoletako kideak ariko dira finalean.

Finala apirilaren 12an izango da, Itziarko Lastur auzoan, afalostean. Saiorako sarrerak eskuragarri daude honako lotura honetan. 

Guztira, Gipuzkoako 22 bertsolarik parte hartu dute txapelketaren 44. edizioan, eta horietatik lau Urola Kosta eskualdekoak izan dira: Joanes Azpillaga eta Suhar Gesalaga azpeitiarrak, Jakes Etxeberria zarauztarra eta Urko Arakistain zumaiarra. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide