Euriak euri, Igarako errota bisitarien gozagarri. Gaur, ostiralez, ekin diete Ekoetxeak antolatutako bisita gidatuei Loiolako Igarako errotan. Uraren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen dituzte bisitak urtero, eta aurten Aste Santuko egunekin batera iritsi denez, asteburu osoan zehar egingo dituzte bisitak. Hau da, bihar eta igandean ere izango da errota bertatik bertara ezagutzeko parada.
Gaur eguraldiak askorik lagundu ez duen arren, adin guztietako herritarrek parte hartu dute bisita gidatuan, eta guztiek XVIII. mendeko ur errotaren funtzionamendua ezagutzeko parada izan dute Ekoetxeako hezitzaileen eskutik. Hain zuzen, errekako uraren indarra baliatuz arto irina nola ehotzen den ikasi dute.
Ikusmin handia sortu ohi du bisitak, eta gaurkoa ez da gutxiagorako izan.
(Argazkiak: Ekoetxea)