Hiru lan eskaintzaren deialdiak egin ditu udalak

Iraia Oteiza 2024ko api. 2a, 17:18

Energia bulegoko arduraduna, Ekoetxeko ingurumen hezitzailea eta turismo bulegoko harreragilea kontratatuko ditu udalak. Apirilaren 7ra arteko epea egongo da ingurumen hezitzaile eta turismo bulegoko harreragile lanpostuetan izena emateko, eta apirilaren 14ra artekoa energia bulegoko arduradun lanpostuan apuntatzeko. 

Azpeitiko Udalak lanaldi osoko hiru lanposturen eskaintzak egin ditu: energia bulegoko arduraduna, Ekoetxeko ingurumen hezitzailea eta turismo bulegoko harreragilea behar ditu. Interesa duen orok apirilaren 7ra arteko epea izango du ingurumen hezitzaile eta turismo bulegoko harreragile lanpostuetan izena emateko, eta apirilaren 14ra artekoa energia bulegoko arduradun lanpostuan apuntatzeko. Lanbiden eman beharko dute izena.

Energia bulegoko arduraduna, besteak beste, dirulaguntza berriak identifikatu eta justifikatzeaz; komunitate energetikoari buruzko informazioaz eta bazkidetzaz; edota dirulaguntzak tramitatzeaz arduratuko da. Lanpostuan aritzeko ezinbesteko baldintzak izango dira laugarren hizkuntza eskakizuna izatea (hautagai egokirik ez badago, hirugarrenak ere balioko du), berehala lanean hasteko prest egotea eta ikasketa hauetakoren bat izatea: Energia Berriztagarrien Ingeniaritza, Ingurumen Zientziak, Ingeniaritza Elektrikoa, Enpresen Administrazioa, Zuzenbidea, Energia Berriztagarrien goi mailako prestakuntza zikloa edo antzekoren bat.

Aldiz, Azpeitiko turismo bulegora joaten diren pertsonei arreta ematea izango da turismo bulegoko harreragilearen funtzioa. Lanpostuan aritzeko, ezinbestekoa izango da turismoarekin lotutako ikasketak izatea eta euskaraz, gazteleraz eta ingelesez zuzen hitz egiteko eta ulertzeko gaitasuna izatea. Horrez gain, kontuan hartuko da frantsesa eta beste hizkuntza batzuk menderatzea eta turismoari, historiari eta ondareari buruzko ezagutzak izatea ere.

Ekoetxeko ingurumen hezitzailearen egitekoak, berriz, honako hauek izango dira: Ekoetxearen eskaintzan barneratutako jarduera eta esperientziak azaltzea eta gidatzea etortzen diren talde edo norbanakoei; Ekoetxeko eskaintza eta esperientziak diseinatza Grothw metodologiaren bidez; asteburuetako ekintzak diseinatzea eta burutzea; jarduera memoriak idaztea eta estatistiketarako datuak biltzea; Ihobek antolatutako prestakuntza saioetan parte hartzea eta Ekoetxea Sarearen bileretan parte hartze aktiboa izatea. Lanpostuan aritzeko, ezinbestekoa izango da hirugarren hizkuntza eskakizuna izatea eta Magisteritza, Pedagogia, Biologia edo Ingurumen Zientzien ikasketak izatea.

Soldaten eta epeen inguruko informazio gehiago, hemen.

Zerbitzuetako koordinatzailea, izendapen aske bidez

Aldi baterako hiru lanpostu horiez gain, zerbitzuetako koordinatzaile plaza bat izendapen askez hornitzeko hautaketa prozesua ere matxan du udalak. Hautaketan parte hartzeko, ezinbestekoa da karrerako funtzionarioa izatea eta Batxiler titulua eta B motako gidabaimena edukitzea.

Gaur, asteartea, argitaratu da deialdia GAOn, eta hamabost egun balioduneko epea egongo da eskaerak aurkezteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide