Berdinketarekin amaitu dute derbia Lagun Onakek eta Anaitasunak

Iraia Oteiza 2024ko api. 7a, 15:23

Lagun Onaken eta Anaitasunaren atzoko partidako irudi bat. (Anaitasuna)

Lagun Onakek eta Anaitasunak derbia jokatu zuten atzo arratsaldean Garmendipen, eta banako berdinketarekin amaitu zuten partida.

Azpeitiko eta Azkoitiko futbolzaleek ez zuten hutsik egin Lagun Onaken eta Anaitasunaren arteko denboraldiko bigarren neurketan, eta zale ugari bildu ziren atzo Garmendipe futbol zelaian, bata zein bestea animatzeko. Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko 28. jardunaldia jokatu zuten Azpeitiko eta Azkoitiko gizonen taldeek, eta joaneko partidan bezalaxe, berdinketarekin amaitu zuten neurketa.

Zelaian giroa bero egon zen hasieratik, eta partida hasi eta berehala aurreratu zen talde azpeitiarra, Jagoba Erdoziak neurketaren 5. minutuan sartu baitzuen taldearen gola. Handik laster iritsi zen berdinketa, Anaitasunako Julen Aramendik area ertzeko jaurtiketa bat zuzenean sareratu baitzuen 16. minutuan. Hortik aurrera, gogotik saiatu ziren bi taldeak hiru puntuak eskuratzen; eta alde biek golak sartzeko aukera bat baino gehiago izan zituzten arren, azkenean banako berdinketarekin amaitu zuten neurketa. Gauzak horrela, sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzen du Lagun Onakek, 47 punturekin, eta hamalaugarrenean Anaitasunak, 28 punturekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide