Eider Bereziartuak Deltebreko triatloi laburra irabazi du

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 8a, 16:41

Eider Bereziartua helmuga zeharkatu berritan, Deltebreko triatloian. (TriTour Deltebre)

Denboraldiko lehen proba zuen zapatukoa Zumaiako taldean ari den azpeitiarrak, eta Saleta Castro triatleta profesionalari aurrea hartuta lortu du bere ibilbideko lehen garaipena. Lorpenarekin "zoratzen" dago Bereziartua.

"Oso-oso gustura" eta "zoratzen" dago Eider Bereziartua (Azpeitia, 1991). Saskibaloi jokalari ohia duela bost urte hasi zen triatloietan parte hartzen, eta herenegun, Deltebreko (Tarragona, Katalunia) TriTour triatloiko proba laburra irabazi zuen, bere ibilbideko lehen garaipena kolkoratuz. Bi ordu eta erdi pasatxo (02.30.05) behar izan zituen Zumaiako Triatloi Taldeko (ZTT) kirolariak igeriketako 950 metroak, bizikletako 57 kilometroak eta korrikako 10 kilometroak osatzeko; eta ia lau minutuko aldea atera zion bigarrenari, Saleta Castro triatleta profesional galiziarrari. Gustura egoteko arrazoirik ez zaio falta, beraz, Bereziartuari. "Oso-oso gustura nago lehen postuagatik, lasterketa oso ondo irten zitzaidalako eta sentsazio onak izan nituelako, eta nola ez, Saleta Castro bezalako triatleta baten aurretik bukatu nuelako".

Deltebren estreinatu du triatloi denboraldia Bereziartuak eta estreinako hitzorduaren emaitza ezin hobea izan da beretzat. "Ondo nengoela uste nuen, baina probatzeko karrera zen, ahal nuena egitea zen helburua", dio azpeitiarrak Deltebreko triatloiaren atarian zituen asmoez. Ebro ibaian jokatu zuten igeriketako proban uretatik irteten lehen emakumea izan bazen ere, bizikleta hartzerakoan "arazoak" izan zituen Bereziartuak; Castrok aurrera hartu zion, baina triatloiaren bigarren zatiko "bosgarren kilometroan harrapatu eta pasatu" zuen ZTT-koak aurkari nagusia. Behin lasterketaren burua hartuta eta "gaizkien korrika moldatzen" dela kontuan hartuta, bizikletan osatu beharreko gainerako 52 kilometroetan Castrorekiko "ahalik eta tarte handiena irekitzen" saiatu zen Bereziartua. Saiatu, eta lortu. Igeriketan bezala, bizikletan ere triatloi motzean parte hartu zuten 44 emakumeen artean denborarik onena azpeitiarrarena izan zen; abantailarekin ekin zion 10 kilometroko korrikaldiari, eta ondo baino hobeto baliatu zuen pilatutako aldea: korrikako proban hirugarren denbora onena izan zen Bereziartuarena, baina hala ere aise gailendu zen helmugan.

Distantzia motzean estreinatu bada ere, denboraldi honetan nagusiki distantzia ertaineko triatloietan ariko dela zehaztu du Bereziartuak. Datorren zapatuan (apirilak 13) Zuian (Araba) izango du "nahiko beteta" datorkion egutegiaren bigarren hitzordua. Hiru aste barru Peñiscolara (Castello, Herrialde Katalanak) joango da, Zumaiako hainbat taldekiderekin batera, hango proba lehiatzera eta esperientziaz "disfrutatzera". Eta maiatzean, iazko urrian Vieux Boucaun (Okzitania) irabazitako txartela tarteko, Challenge markaren Munduko Txapelketan lehiatuko da, Eslovakian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide