Urola Erdiko artisauek elkar hartuta Artiekin elkartea sortu dute, indarrak eta gaitasunak elkartuta jarduteko asmoz. Elkartea eratu berritan, Azpeitian egingo dute aurreneko ekimena datorren igandean. Hain zuzen, Artisau Azoka antolatu dute apirilaren 14rako, eta egun horretan askotariko produktuak eskuratzeko aukera eskainiko dute.
Artisau Azoka 11:00etatik 15:00etara egingo dute plazan, eta Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako hainbat artisauk parte hartuko dute. Honako hauek izango dira igandeko azokan parte hartuko duten artisauen proiektuak:
- Oihele
- Amuki Handmade
- Ametsen Txokoa
- Miara Design
- Endredamakina
- Marabina
- Lanaland
Horiek guztiek haien produktuak jarriko dituzte salgai, eta artisau gonbidatuak ere izango direla aurreratu dute. Postuak jarri ez ezik, ikastaroak ere eskainiko dituzte. Alde batetik, haurrei zuzenduta, eskulan tailerra eskainiko dute Ametsen Txokoak eta Isak, 11:00etatik 12:00etara. Bestetik, haurrei eta helduei zuzenduta, janari tailerra eskainiko du Osoak, 12:00etatik aurrera.
Artiekin artisau elkartearen sustatzaileek azaldu dutenez, haien asmoa da elkarrekin lan eginez eta indarrak batuz hainbat azoka antolatzea urtean zehar.