Hauek eta Desgaraian taldeek dantzan jarriko dute Sanagustin kulturgunea etzi. 22:00etatik hasita gozatu ahal izango da bi kontzertuez, eta oraindik sarrerak erosi ez dituztenek, Kulturazen webgunean eskura ditzakete.
Azkoititik datorren taldea da Hauek. Zuzenekoen bidea iazko udazkenean hasi ondoren, beraien rock doinu dantzagarriekin datoz oraingoan ere, zuzenekoetako energiaz jendea gozarazteko xedearekin. Itzuli naiz izenburupean kaleratu berri du taldeak lehen diskoa, eta etzi aurkeztuko dute estreinakoz Sanagustinen. Jon Elorzak (ahotsa), Imanol Mirandak (gitarra), Unai Izagirrek (gitarra), Ander Etxeberriak (baxua) eta Beñat Ucinek (bateria) osatzen dute musika taldea.
Desgaraian taldea, berriz, pandemia garaian eratu zen; hortik dator, besteak beste, taldearen izena. Pop estiloa da protagonista beraien kontzertuetan, nahiz eta bestelako estiloen eragina ere atzematen zaien; rockarena, herri kantuarena eta jazzarena, besteak beste. Hitzek garrantzi berezia dute Desgaraian taldean eta kritika soziala zein politikoa egiten dute kutsu poetiko nabarmeneko letretan. Euskal Herri osoko herri ezberdinetako sei lagunek osatzen dute Desgaraian; Jon Gurrutxaga (ahotsa), Ekain Alzola (baxua), Garikoitz Ortiz de Villalba (teklatua), Xabi Agirrezabala (gitarra), Markel de Reparaz (gitarra) eta Peru Iparragirre (bateria).