Ados Pilotak antolatutako Binakako Pilota Txapelketa Nagusia bukatzeko gutxi falta da. Finala apirilaren 20an (18:00) jokatuko dute Antzuolan (Gipuzkoa). Dagoeneko, finala jokatuko duten bikoteetako bat erabakita dago: Ruiz de Infante eta Leire Galeano izango dira. Finaleko bigarren bikotea zein izango den, berriz, bihar erabakiko da Miarritzeko (Lapurdi) Plaza Berri pilotalekuan jokatuko duten finalaurrekoan; 18:30ean da partida. Oihana Orbegozo azpeitiarrak Iturriagarekin bikotea osatuta jokatuko du Agirre-Barrokal bikotearen kontra.
Finalaurrerako nahiz finalerako sarrerak online eros daitezke lotura honetan.
Binakako txapelketaren hirugarren edizio honetarako orain arteko binakako txapelketa luzeena antolatu du Ados Pilotak. Ligaxka fasea iazko abenduaren 16an hasi zuten Latasan (Nafarroa), eta finalaurrekoak erabakitzeko 42 partida jokatu dituzte. Lehen mailan zazpi bikote aritu dira lehian, eta promozio mailan lau.
Ligaxka faseko jardunaldietako bat Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zuten otsailaren 17an.