Aittola eta Xoxote artean jokatuko dute Gipuzkoako Orientazio Ligako bigarren proba, igandean

Iraia Oteiza 2024ko api. 12a, 16:54

Xoxoteko aterpetxea.

09:00etan irekiko dute harrera gunea Aittolako aparkalekuan, eta parte hartzaileek pixkanaka bertaratu beharko dute. 09:30ean egingo dituzte lehen irteerak, eta 14:00etan itxiko dute helmuga. Izen ematea jada itxita dago.

Gipuzkoako Orientazio Ligako bigarren proba jokatuko dute igandean Aittola eta Xoxote artean. Antolatzaileek izen ematea aurrez esandako epea baino lehen itxi behar izan dute, toki guztiak bete dituztelako.

Probaren harrera gunea Aittolako aparkalekuan jarriko dute eta 09:00etatik aurrera egongo da bertaratzeko aukera. Parte hartzaileek Open Horia, Laranja edo Gorria osatu beharko dituzte: lehenengoaren irteera harrera gunetik 10 minutura egongo da kokatuta (500 metrora), eta beste bienak harreratik 20 minutura (1.800 metrora). Ondorioz, proba hasi aurretik denbora eta distantzia horiek ere kontuan hartzeko eskatu dute antolatzaileek.

Irteerak minuturo edo bi minuturo egingo dituzte, lasterketan pilaketak egon ez daitezen eta antolatzaileek parte hartzaileen kontrol hobea izan dezaten. Aurreneko irteerak 09:30ean egingo dituzte eta azkenak 12:00etan, Open Laranjaren eta Gorriaren kasuetan; eta 12:30ean, Open Horiaren proban. Irteteko ez da beharrezkoa izango 09:00etan bertan egotea. Irten nahi den ordua baino minutu batzuk lehenago harreragunetik pasatzea nahikoa izango da, betiere irteerara dagoen denbora kontuan izanda. Hori bai, helmuga 14:00etan itxiko dute eta, ibilbide osoa egin ez badute ere, ordu horretarako itzuli egin beharko dute parte hartzaileek, antolatzaileek inor galduta ez dagoela ziurta dezaten. Helmuga harrera gunean egongo da, aparkalekuaren ondoan.

Ibilbideak formatu linealean prestatu dituzte, hau da, kontrolak bilatzeko ezarritako ordena dago.

  • Gorria: 5.000 km. - 20 baliza - 330 metroko garaiera.
  • Laranja: 3.900 km. - 19 baliza - 210 metroko garaiera.
  • Horia: 1.810 km. - 14 baliza - 100 metroko garaiera.

Maparen lehen zatia, mendebaldean dagoena, Open Horiaren ibilbidea egingo den tokia izango da. Open Laranjaren eta Gorriaren ibilbideak maparen bigarren zatian hasiko dira, ekialdean. Eremu horretako ibilbidea egin ondoren, mapari buelta eman beharko diote parte hartzaileek, eta irteerara iristeko egin den bide beretik, ibilbideak maparen lehen zatira eramango ditu, lasterketarekin jarraitzeko.

Probetako kronometrajea SPORTident sistemaren bidez egingo dute eta AIR sistema egongo da aktibatuta. Lasterketa amaitzen denean, parte hartzaileek SPORTident pintza deskargatu beharko dute nahitaez harrera eremuan. Iristean, egindako denboraren emaitza emango zaie.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gune naturalean antolatutako proba denez ez da zerbitzu berezirik eskainiko. Komun publikorik ez dago inguruan, iturri bat eta egurrezko mahai batzuk baino ez.

Informazio gehiago, Gipuzkoako Orientazio Taldearen webgunean eskura daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide