"Faxistak kanpora!" oihuekin hartu dituzte Vox-ekoak

Mailo Oiarzabal 2024ko apirilaren 14a

Espainiako alderdi ultraeskuindarraren ordezkariak A-21eko hauteskunde kanpainaren barruan etorri dira Azpeitira. Poliziak eskoltatuta iritsi dira eta alde egin dute, herritar ugariren protesta artean, Goiko Kalean minutu gutxi batzuk egon ondoren.

Vox-ek ere egin du kanpaina Azpeitian, bere erara. Atzo iluntzean, Eusko Legebiltzarrerako gaur zortziko hauteskundeen kanpainaren barruan gaur 11:00etatik 13:00etara Azpeitiko "plaza de Nagusia"-n informazio mahaia jarriko zutela iragarri zuten sare sozialetan Espainiako alderdi ultraeskuindarrekoek. Deialdi horren berri izan zuten hainbat herritar zain zituzten Voxekoek. Gehienek, ordea, plazan bertan egin duten artisau azokako kide askok tartean, ez zekiten goizetik nabaria izan den poliziaren presentziaren arrazoia zein zen.

Iragarritako ordua baino dezentez beranduago, baina iritsi dira, azkenean, Voxeko ordezkariak. Poliziak eskoltatuta agertu dira bederatzi lagun plaza barrenean 11:45 aldean, eta gora jarraitu dute, Goiko Kaleraino; han jarri dute mahaitxoa, baina informaziorik gabe. Plazan elkartuta zeuden hainbat gazteri adin guztietako herritarrak batzen joan zaizkie, eta "faxistak kanpora!" oihuak nagusi izan dira Voxekoak, berriro ere Ertzaintzak lagunduta, etorri diren bidetik itzuli diren bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide