Borobila izan da asteburuko futbol jardunaldia Lagun Onaken talde nagusientzat. Emakumeenak atzo eta gizonenak gaur, etxetik kanpo jokatu dute bi taldeek, eta biak izan dira garaile.
Atzo, Zumarragan, 0-2 nagusitu zen Lagun Onak Urolaren zelaian, Gipuzkoako Ohorezko Erregional ligaren 24. jardunaldian. Garaipen bikaina Lagun Onakentzat, sailkapeneko goikaldeko postuetan aurretik duen taldeari irabazi baitzion atzo Eguzkiñe Peñaren taldeak: Eibar eta Mariño harrapaezinen ondoren, hirugarrena da Urola eta laugarrena Lagun Onak; atzo arte lau puntukoa zen aldea puntu bakarrera murriztu dute azpeitiarrek Argixaon irabazita. Neurketari dagokionez, baloiaren jabe eta agintzen hasi zuen norgehiagoka Lagun Onakek, baina aginteak ez zion askorik iraun; etxekoek ere erakutsi zuten beren maila, eta gol aukera garbiegirik gabe, baina estu hartu zituzten bisitariak atsedenaldira arte. Bero handiarekin jokatu zuten partida, eta bi taldeek igarri zuten. Atsedenaldian indartuta, ordea, hasieran galdutako agintea berreskuratu eta nagusi izan zen bigarren zatian Lagun Onak. Hala ere, nagusitasuna gol aukeretan islatzerik ez zuten lortu Azpeitikoek neurketaren azken txanpara arte. Urolaren atezainak bikain desbideratu zuen Joane Kortaren falta jaurtiketa bat izan zen Peñaren taldearen gol aukera bakarra arratsaldeko lehen une erabakiorraren aurretik: 69. minutuan, Urolaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak, eta Laura Custodio atezainak Lagun Onaken garaipenaren lehen harria jarri zuen, penalti jaurtiketa geldituta. Eta hurrengo jokaldian, kontraeraso bat ederki baliatuta, Lagun Onaken lehen gola egin zuen Malen Astigarraga kapitainak. Lau minutu geroago, 86.ean, June Casinak bigarren gola egin zuen. Etxekoek ez zuten izan ez denborarik, ez indarrik, erantzuteko; Lagun Onakek, aldiz, aukerak erreskadan izan zituen amaiera arte. Datorren asteburuan Beti Gazte hartuko du Lagun Onakek Garmendipen.
Espainiako Hirugarren Mailan ere goiko tokietan jarraitzen du Lagun Onakek gaur eguerdian Derion 2-3 irabazi ondoren. Jose Luis Riberaren taldearena izan da ekimena Derion. Partidaren lehen ordu erdia osatuta, 31. minutuan, Mikel de Albaren golarekin aurrea hartu du Azpeitiko taldeak, eta abantaila horrekin iritsi dira atsedenaldira. Bigarren zatiko lehen hogei minutuetan etorri da eromena. 54. minutuan, markagailua berriro parean jartzea lortu dute etxekoek, baina Lagun Onaken erantzuna ezin hobea izan da: 55. minutuan 1 eta 2koa egin du Haitz Lopezek, eta 1 eta 3koa handik lau minutura (59) Alain Arreitunandiak. Deriokoak ere ez dira atzean gelditu eta kolpe bikoitzari garaiz erantzun diote, 64. minutuan egin baitute beren bigarren gola. Hortik amaiera bitartean, ordea, inork ez du lortu markagailua berriro mugitzea, eta hiru puntu ederrekin itzuli dira etxera Lagun Onakekoak. Eta are ederrago bihurtu du gaurko garaipena aurkari zuzenaren porrotak; izan ere, bosgarren tokian jarraitzen dute Azpeitikoek, igoerako play-offa jokatzeko aukera ematen duen azken postuan, baina lau punturaino zabaldu du seigarren tokian den Deustori ateratzen dion aldea. Datorren asteburuan beste erronka gogor bezain garrantzitsua dute Lagun Onakekoek Garmendipen: Portugaleterekin neurtuko dituzte indarrak, sailkapeneko hirugarrenarekin, ligako 30. jardunaldian.