Euskal Duatloiaren hirugarren edizioaren finala ere Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute. Igandean izango da, 12:00etan hasita. Kanporaketan lortutako denborak kontuan hartuta, bi txandatan banatuta jokatuko dute finala. Lehen txandan Xabier Zaldua, Suharri Rodriguez eta Arkaitz Jauregi ariko dira. Ohorezko txandan, berriz, Oier Kañamares, Ibai Soroa eta Ugaitz Mugerza.
Aizkoran eta korrika egin beharko dituzte lanak. Aurrena, 45 ontzako etzandako launa enbor moztu beharko dituzte. Lan hori bukatutakoan, 4 kilometro egin beharko dituzte korrika –40 itzuli zezen plazari–, eta bukatzeko, 45 ontzako zutikako launa enbor moztu beharko dituzte. Bakoitzak ebaki beharreko egur loteak finalaren egunean zozkatuko dituzte, 11:00etan, zezen plazan. Zezen plazako ateak ere ordu horretan zabalduko dituzte, eta 12:00etan hasiko da finala.
Finalerako sarrerak igandean bertan salduko dituzte, 10:30etik aurrera, zezen plazako leihatilan.
Euskal Duatloiaren bigarren edizioaren finala ere Azpeitian jokatu zen iaz. Orduan, Eneko Saralegi nafarrak jantzi zuen txapela, eta haren atzetik bigarren eta hirugarren postuak Ibai Soroak eta Suharri Rodriguezek egin zituzten. Saralegik lan guztiak bukatzeko 30 minutu eta 35 segundo behar izan zituen. Aurtengo finalean Saralegi ez da arituko, eta haren tokia Ugaitz Mugerzak hartuko du; izan ere, beste bost finalistak iazkoak dira.