Enkarguk zerbitzuaren arduradunek salatu dute asteburuan bizikleta lapurtu dietela

Maialen Etxaniz 2024ko api. 16a, 15:11

Enkargukeko bizikleta txikia. (Enkarguk)

Enkargukeko langileek jakinarazi dutenez, Azoka Plazako eraikinetik eraman dute etxez etxeko banaketa zerbitzua egiteko erabiltzen duten bizikleta txikia. Ez dute zerbitzua eten, eta auto bidez egingo dituzte banaketak.

"Asteburuan Enkarguk zerbitzuaren bizikleteta lapurtu digute". Horrela eman dute asteburuan izandako lapurretaren berri Enkarguk zerbitzuaren arduradunek, gaur eguerdian, sare sozialen bidez. Enkargukekoek bi bizikleta erabiltzen dituzte etxez etxeko banaketa zerbitzua eskaintzeko, eta bi horietatik txikiena lapurtu diete. "Besteari, berriz, bateria kendu diote", salatu dute. Era berean, zerbitzuaren arduradunek zehaztu dute Azoka Plazako eraikinaren barruan zegoela bizikleta gordeta, eta handik eraman dutela.

Norbaitek informazio gehiago izanez gero, Udaltzaingora jotzeko, bulegora bertaratzeko edo 943-15 13 13 telefonora deitzeko eskatu dute Enkargukeko langileek. 

Uneotan bizikletarik gabe egon arren, ez dute zerbitzua eten, eta jakinarazi dute auto bidez egingo dituztela banaketak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide