Gutuna

Vox eta igandeko gertakariak

Xuban Arrizabalaga, Mugimendu Sozialistako kidea 2024ko api. 18a, 09:54

Voxekoen aurrean protesta egitera batutako herritarrak eta polizia babesa, igandean (Utzitakoa)

Xuban Arrizabalaga Mugimendu Sozialistako kideak igandean Voxeko kideen bueltan Azpeitian gertatutakoez idatzi du gutuna.

Hauteskunde kanpainaren harira, pasa den igande goizean Vox alderdiko hamar bat ultraeskuindar Azpeitira etorri ziren propaganda politikoa egitera. Deialdi hori ikusirik, hainbat gazte horri erantzun eta Voxekoak bidaltzeko asmoz kalera atera ginen. Ertzaintzaren eta udaltzainen babespean mahaia jarri zuten arren, bertaratu ginen azpeitiarron artean faxista horiek herritik bidaltzea lortu genuen.

Aitortu behar dut espero baino jende gutxiago agertu zela, eta iruditzen zait bakearen izenean eta “horretaraxe datoz, ez erori probokazioan” bezalako jarrerek eragin zutela jendea ez etortzea. Ukaezina da Voxen propaganda politikoa probokazioan oinarritzen dela, baina, nola utziko diegu bada etorkinen, emakumeen, langileen, euskararen eta abarren aurkako politikak lasaitasun osoz zabaltzen? Gure herrian nahi bezala politika egiten uzteak faxismoa normalizatzea besterik ez dakar. Alferrik da jendea haien ideietara batzen hastean eskuak burura eramatea.

Are gehiago, faxismoak Euskal Herrian gaur egun daukan presentzia hutsala baldin bada, joko elektoralistetatik urrun, historikoki kalean egon den borroka antifaxistari esker izan da. Hau da, egun hemen faxismoaren instituzioetako ordezkaritza negargarria izatea, ideia faxistak espresio guztietan borrokatzeari esker izan da, horien hedapena saihestuz.

Gaur egun, aldiz, zabalduta dago faxismoari aurre instituzioetatik egiten zaionaren ideia. Hala ere, horren mugak agerikoak dira: instituzioek horrelako alderdiei politika egiteko inolako eragozpenik jartzen ez dietelako batetik (igandean ikusi zen bezala); eta bestetik, horrelako gertakarien aurrean alderdiek –kasu honetan Azpeitiko Udaleko EAJk eta EH Bilduk– publikoki aurkakotasunik adierazten ez dutelako, ez ikusiarena eginez.

Bestalde, ez nuke aipatu gabe utzi nahi azken hilabeteetan bolo-bolo dabilen gaia: polizia ereduarena. Ertzaintzaren jarrerak jada ez gaitu harritzen, ezta EAJk ematen dion babesak ere. Igandean, ordea, udaltzainen jokaerak eman zuen zeresana. Ertzaintzarekin elkarlanean Voxeko kideak babesten ibili ziren kalean, faxisten aurka ari ziren gazteen aurka oldartuz, borra ateratzeraino. EH Bilduk polizia eredua aldatzearen edota demokratizatzearen beharra aldarrikatzen du eta, era berean, ez ditu herriko udaltzainen jokaerak neurtzen. Argi dago gizarte kapitalista gainditzen ez den bitartean edonolako poliziak boteredunen interesak defendatzen jarraituko duela, eta injustiziari eta zapalkuntzei aurre egiteko modu bakarra antolatzea eta mobilizatzea dela, igandean egin bezala.

Kalean ikusiko dugu elkar!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide