Elkar-ekinek deituta, Palestinako genozidioa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, ostirala, 18:30ean, Sanjuandegiko biribilgunean. Palestinari elkartasuna erakutsi eta Israelen aurkako boikota bultzatzeko deia egin zuen taldeak, eta hainbat herritar bertaratu ziren.
"Sei hilabete dira Israelek Palestinaren aurkako erasoaldi berri bati ekin zionetik, eta, geroztik, egunero iritsi zaizkigu genozidio berri horren irudiak eta datuak: milaka hildako eragin eta Gaza goitik behera suntsitzea nahikoa ez, eta laguntza humanitarioari bide guztiak itxi dizkio estatu sionistak, bertako palestinarren artean gosea sortzeraino. Bitartean, Europako agintariek Israelen interesei men egiten jarraitzen dute, genozidioarekin amaitzeko inolako konpromisorik hartu gabe. Mundu zabalean mobilizazio eta protesta jendetsuak egin diren arren, egindakoa ez da nahikoa izan, Israelek bere horretan jarraitzen du, eta agintari politikoek ere bai", adierazi du Elkar-ekinek.
Horren aurrean, "Israelekiko presioa areagotu" behar dela uste du taldeak, eta horretarako "boikota sustatzea bitarteko inportantea" izan daitekeela. "Hego Afrikan beltzen aurkako apartheidarekin amaitzeko ezinbestekoa izan zen boikota, eta kasu honetan ere bide horretan pausoak ematea aldarrikatzen dugu". Gizartea egungo egoerara ezin dela "ohitu" uste du Elkar-ekinek, eta herritarrak kalera ateratzea egin daitekeen "gutxienekoa" dela.