Astelehenean txupinazoa bota zutenetik, Gazte Astea ospatzen ari dira Azpeitiko Gaztetxeko kideak. Gaur, larunbata, dute asteko egunik bereziena edo handiena, Gazte Eguna, eta egun guztian zehar izango da zertaz gozatua. Aisialdiko eta jai giroko ekintzak izango diren arren, goizean kirolak ere izan du tarterik. Izan ere, Xoxotera Igoera mendi lasterketa egin dute Lagun Onak mendi bazkunako kideekin elkarlanean antolatuta.
10:00etan plazan hasi da kirol ekitaldia, eta suziria jaurtitzean, parte hartzaileak Xoxoteko gailurrera abiatu dira. Guztira, 53 lagunek parte hartu dute proban, eta antolatzaileek azaldu dutenez, azpeitiarrak ez ezik, zenbait ondarrutar (Bizkaia) ere animatu dira parte hartzera. Kirolari guztien artean, Ibai Angulo izan da azkarrena; hark 32 minutu eta 40 segungo behar izan ditu gailurra zapaltzeko. Haren atzetik sailkatu da Oier Etxeberria, 33 minutu eta 50 segundoko denborarekin. Hirugarren, berriz, Alberto Lamariano sailkatu da, 34:30 denborarekin. Emakumeetan, bestalde, Hiart Alberdi izan da garaile; hark 48 minutu eta 30 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko.
Mozorrotuta batzuk, garagardo latak eskuan besteak, erratzarekin azken parte hartzailea... Xoxotera Igoeran pixka bat sufrituko zuten arren, giro ona sortu da parte hartzaileen artean. Gainera, ekintzaren aitzakian, hainbat herritar bertaratu dira tontorrera kirolariak animatzera. Ondoren, hamaiketakoa izan da.
Arratsaldean ere festa
Goizean ez ezik, arratsaldean ere izango da ekintzarik Gazte Egunaren barruan. Lasterketa amaitu ostean, 15:00etan, bazkaria egin dute Azoka Plazan. Ondoren egingo dute sari banaketa, eta jarraian karro-poteoa izango da Alde Zaharrean zehar. Gauean, eguna eta Gazte Astea borobiltzeko kontzertuak izango dira Gaztetxean. Oholtzara igoko dira The Lio, Habemus Papam eta Ostikoka musika taldeak.