Azpeitiarren %31,52k eman dute botoa eguerdira bitartean

Ihintza Elustondo 2024ko api. 21a, 14:19

Boto paperak Izarraitz pilotalekuko hauteslekuan. (Ihintza Elustondo)

Eusko Jaurlaritzak kaleratutako datuen arabera, botoa ematera deituta dauden azpeitiarren %31,52 igaro dira hauteslekuetatik 13:00etara bitartean. Guztira, 11.366 herritarrek dute botoa emateko eskubidea Azpeitian.

Goizean goizetik ari dira herritarrak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa ematen, eta Eusko Jaurlaritzak eguerdira bitartean izan diren parte hartze datuak jakinarazi berri ditu. Zehazki, botoa ematera deitutako azpeitiarren %31,52k eman dute boza 13:00etara bitartean. Guztira, 11.366 herritar daude botoa ematera deituta Azpeitian.

Gipuzkoan botoa emateko eskubidea dutenen %30,02k bozkatu dute ordu horretarako. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %15,48koa izan zen parte hartzea eguerdian, ia erdia. Kontuan hartzekoa da, ordea, duela lau urteko hauteskundeetan ordubete lehenago eman zituztela lehen parte hartze datuak, eta baita posta bidezko botoaren portzentajea ohi baino altuagoa izan zela ere, pandemiaren eraginez.

Lurralde guztietan egin du gora parte hartzeak: %25,93ko parte hartzea izan da Araban; %13,92koa 2020an. Bizkaian, berriz, %27,43k eman dute botoa eguerdirako, eta parte hartze datua %13,49koa zen duela lau urte. Hiru lurraldeetako datuak kontuan hartuta, igoera ia 14 puntukoa izan da: %28,05ekoa aurten; %14,14koa 2020an.

Arratsaldean, berriz

Arratsaldean ere jakin ahal izango da zer joera izaten ari den parte hartzea gaurko hauteskundeetan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 19:00etan jakinaraziko ditu 18:00etara bitarteko parte hartze datuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide