Berdinketak Lagun Onaken taldeentzat

Ihintza Elustondo 2024ko api. 21a, 14:57

Lagun Onakeko gizonek atzo Portugaleteren aurka jokatutako partidaren une bat. (Portugalete)

Espainiako Hirugarren Mailako nahiz Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeek emaitza bera eskuratu dute asteburu honetako jardunaldian: bi taldeek 2 eta 2 berdindu dituzte partidak.

Lagun Onak futbol klubeko bi talde nagusiek ez dituzte nahi bezalako emaitzak eskuratu asteburu honetan. Espainiako Hirugarren Mailako taldeak Portugalete hartu zuen atzo, larunbata, etxean, eta 2 eta 2 amaitu zen neurketa. Ondo hasi zen etxeko taldea; 12. minutuan Lander Izagirreren gola iritsi zen, eta 54. minutuan Haitz Lopezek egin zuen bigarrena. Ondoren, baina, guztiz aldatu zen kontua: 63. minutuan egin zuen Portugaletek bere lehen gola, eta 80.ean bigarrena. Horrenbestez, berdinduta amaitu zen norgehiagoka. Portugalete sailkapeneko hirugarren postuan da, eta hori nabaritu egin zen atzoko lehian. Lagun Onakek 51 puntu ditu gaur-gaurkoz, eta bosgarren postuan da.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak ere atzo jokatu zuen jardunaldi honetako neurketa. Beti Gazte hartu zuen etxean Lagun Onakek, eta 2 eta 2 berdindu zuten horiek ere neurketa. Ez zen oso partida ona izan; Lagun Onaki asko kostatu zitzaion bere jokoa egitea. Lehen jokaldian sartu zieten gola Beti Gaztekoek, Lagun Onaken akats baten ondorioz, eta, beraz, berehala hasi ziren 0 eta 1 galtzen. Markagailua horrela zela iritsi ziren atsedenaldira. Oro har, asko kostatu zitzaien baloia mugitzea Azpeitikoei; ez zuten beren jokoa egin eta ez ziren batere eroso aritu.

Bigarren zatian hainbat gauza aldatu zituzten, eta hasieran kostatu zitzaien arren, Lagun Onaken lehen gola iritsi zen 54. minutuan; Nahia Etxeberriak egin zuen gola zelaira sartu orduko, Maria Sorazuk baloia buruz pasatu ostean. Horrela, 1 eta 1 berdindu zuten neurketa. Bigarren zatian dinamika pixka bat aldatu zen zelaian, baloiaren jabetza gehiago izan zuen Lagun Onakek, baina Beti Gazteren bigarren gola iritsi zen 75. minutuan, Lagun Onaken beste akats baten ostean. Jarraian, Beti Gazteko jokalariak oso atzean sartu ziren; Lagun Onak saiatu zen, baina kostatu egin zitzaion aukerak sortzea. Horrela zirela, kontraeraso batean, Joane Kortak kornerra lortu zuen, eta jokaldi horretan Lagun Onaken 11 jokalariak errematatzera joan ziren; errebote batean, penalti garbi baten ondoren, Nora zentralak sareetara bidali zuen baloia 90. minutuan. Horrela amaitu zen neurketa, 2 eta 2; Lagun Onak zapore gazi-gozoarekin etxeratu zen, ez zutelako lortu planeatuta zutena egitea. Dena den, lau partida jarraian galdu gabe daramatza taldeak, eta egun, 48 punturekin, laugarren postuan da Lagun Onak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide