Eusko Legebiltzarrerako bozak izan dira gaur, apirilak 21, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta boto zenbaketak aurrera doazen heinean, hasi dira herriz herriko datuak ematen. Azpeitian EH Bilduk gailendu da botoen %52,04 eskuratuta (3.579 boto). Bigarren indarra, berriz, EAJ izan da, bozen %40,23 lortuta, eta EH Bilduk baino ia 1.000 boto gutxiagorekin (2.767 boto).
Hirugarren indarra, bi alderdi bozkatuenek baino emaitza askoz ere apalagoekin, PSE-EE izan da; 244 boz jaso ditu (botoen %3,55). PPk 106 boto jaso ditu (%1,54), eta Ahal Dugu-Alianza Verdek, berriz, 61 boz (%0,89). Horiez gain, 50 boto jaso ditu Sumarrek, 41 Voxek eta 13 PACMAk.
11.419 herritar zeuden hauteslekuetara deituta gaurkoan, eta erdiak baino gehiago joan dira botoa ematera. Izan ere, %61,06 izan da parte hartze datua. Eusko Legebiltzarrerako azken bozetako parte hartzea kontuan hartuz gero, jaitsi egin da zertxobait abstentzioa gaurkoan (2020an %59,61 izan zen herriko parte hartze datua).
Joera mantendu da
2020an egin ziren azkenengoz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta orduko hartan EH Bildu izan zen nagusi Azpeitian; 3.150 boto jaso zituen EH Bilduk. EAJ izan zen bigarren indarra, 3.016 boto lortuta, eta PSE-EE hirugarrena 221 botorekin. Ahal Dugu, PP+Ciudadanos eta Vox izan ziren ondorengoak.