Duela pare bat aste Lurraren Altxamendua mugimenduak Azpeitia eta Zestoa artean egindako ekintza gaitzetsi dute EAJren Azpeitiko eta Zestoako taldeek. Hain zuzen ere, Lasaon, Sañoa mendiaren magalean dagoen Markes Bason, Kutxabanken jabetzakoak diren lurretan landatuta zeuden kriptomeria edo zedro japoniarra espezieko 10.000 zuhaitz ebaki zituzten Lurraren Altxamenduko kideek, protesta gisa. Joan den astean, Gipuzkoako EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuek eta Gipuzkoako Basoa elkarteak ekintza hori salatzeko agerraldia egin zuten Donostian, eta gaur, EAJren Azpeitiko eta Zestoako taldeek gauza bera egin dute ohar bateratu baten bidez.
Oharrean diotenez, "azkenaldian hainbat baso berritzeko zuhaitz landaketek jasan dituzte mozketa indiskriminatuak, tartean Zestoa eta Azpeitia arteko lurretakoek", eta "ekintza bandaliko" horien aurrean, "gaitzespen irmoa" adierazi dute EAJren Azpeitiko eta Zestoako taldeek, eta elkartasuna helarazi diete baso jabeei, "ekintza bandaliko horien aurrean jasandako kalteak direla eta". Horrelako ekintzak onartezintzat jo dituzte. "Natura eta ekologismoa aitzakiatzat hartuta, basoen berritzeari eta ingurumenari kalte egiten diotela, eta jabe horien eskubideak eta Gizarte gisa partekatzen ditugun arauak urratzen dituzte".
Basogintzak "ongizatea eta lurralde oreka berdea" bermatzen dituela nabarmendu dute. "Gure lurraldeko basoak zaintzea eta berritzea inoiz baino funtsezkoagoa da gaur egun, klima aldaketari aurre egiteko, besteak beste. Landareak suntsitzera bideratutako ekintza horiek ez diete inolako onurarik egiten gure ingurune berdeari eta baso ondarearen kontserbazioari eta garapenari", adierazi dute.
Ekintza salatzeaz gainera, Azpeitiko eta Zestoako udalei eskaera ere egin diete: "Eskatzen diegu gure herrietan izandako erasoak gaitzetsi ditzatela, erasoak jasan dituzten baso jabeei babesa eta elkartasuna adierazi diezaietela, eta herrian zabalduko den gaitzespen oharra argitara dezatela" .