Yon Gonzalezek ez du jarraituko Iraurgiren aulkian

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 24a, 15:21

Yon Gonzalez Azpeitiko kiroldegian, joan den irailean. (Mailo Oiarzabal)

Atzo gauean jakinarazi zuen berria klubak, Tolosako entrenatzaileak "bere bidea egitea erabaki" duela adierazita eta hark egindako lana eskertuz.

Iraurgi Saskibaloiaren gizonen talde nagusiaren gidaritza utzi du Yon Gonzalezek. Azpeitiko eta Azkoitiko saskibaloi klubak atzo gauean jakinarazi zuen berria, sare sozialen bidez zabaldu zuen adierazpen labur batekin. Tolosako (Gipuzkoa) entrenatzaileak "bere bidea egitea erabaki" duela dio Iraurgik, eta eskerrak eman dizkio Gonzalezi Juaristi ISBnn egindako lanagatik: "Iraurgi Saskibaloitik eskerrak eman nahi dizkiogu egindako lanagatik eta zorte ona opa diogu bere ibilbide pertsonal nahiz profesionalean. Hau beti izango da zure etxea. Aupa Iraurgi!".

Mikel Odriozolaren laguntzaile lanak egiteko iritsi zen Iraurgira Gonzalez 2022-2023 denboraldian. Odriozolak Gipuzkoa Basketera joateko Juaristi ISBren aulkia utzi ondoren, berriz, joan den udan bera egin zen taldearen kargu. Amaitu berri den 2023-2024 sasoian, Gonzalez entrenatzaile nagusi zela, liga erregularraren azken jardunaldian lortu du mailari eustea Juaristi ISBk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide