Gipuzkoako Pilota Federazioak atzo egin zuen Donostian aurtengo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren zozketa. Bost modalitatetan jokatuko dute Herriartekoa –eskua, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza eta zesta punta–, eta Azpeitiak eskuzkoa bakarrik jokatuko du; azken urteetan gomazko paletako txapelketan ere parte hartu izan du Azpeitiak, baina aurten ez dute talderik aurkeztu.
Hemezortzi herri lehiatuko dira aurten eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan eta maiatzaren 5ean hasiko da txapelketa, final hamaseirenetako joaneko partidekin. Azpeitia, ordea, final laurdenetan hasiko da lehiatzen. Ekainaren 2an eta etxetik kanpo hasita jokatuko dute berentzat lehen kanporaketa izango dena Ilunpeko pilotariek, baina itxaron egin beharko dute aurkaria zein izango duten jakiteko; Zestoak Beasain-Tolosa kanporaketaren irabazlearen kontra jokatuko duen final laurdenetako norgehiagoketan erabakiko da Azpeitiaren aurkaria.
Gipuzkoako Herriartekoaren egungo txapeldunordea da Azpeitia. Aurreko zortzi edizioetako finalak jokatu eta horietatik bost irabazi ditu. Azken hiru finalak Oiartzunen kontra jokatu dituzte Ilunpekoek, 2021ekoa irabazi eta beste biak galduz. Aurten, baina, segurua da aurreko hiru edizioetako finala ez dela errepikatuko: final laurdenak gainditzen badituzte, finalaurrekoetan ariko dira aurrez aurre Azpeitia eta Oiartzun. Txapelketaren finala, berriz, ekainaren 29an izango da.