Euskara eta aniztasuna ardatz hartuta, Aniztasun Izpiak Kilometroak Txikia festa ospatzen ari dira gaur Azpeitian. Egun osorako egitaraua prestatu dute Kilometroen lantaldeak Atzegi, Dislegi, Marea Urdina, Kulturaz, Berria, Guka, UEMA, Azpeitiko Udala eta Ikastolen Elkartea eragileekin elkarlanean, besteak beste.
11:15ean hasi dira ekintzekin, aurreskua eginda. Ondoren, zumba saioa egin dute plazan, Regla Hernandezen eskutik, eta jende ugari animatu da dantzara. Ordu horretarako hainbat postu jarrita zeuden plazan, eta horietako bakoitzean herrialde desberdinetako jakiak eta materialak. Asko izan dira horiek dastatzera animatu diren herritarrak, eta giro polita sortu da jan-edanaren bueltan. Era berean, hainbat herrialdetako dantzak eta abestiak ikusteko zein entzuteko parada izan da, hainbat erakustaldi eskaini baitituzte plazan bertan.
Haurrentzako, berriz, jolasak eta eskulanak egin dituzte Azoka Plazan, Berria egunkariak eta Dislegi elkarteak antolatuta.
Azpeitiko Ikasberri ikastolak hartu du aurten Kilometroak jaia antolatzeko ardura, eta urte osoko egitarauaren barruan Kilometroak Txikia antolatzeko asmoa zuen. Ikastola hiru ardatz nagusi lantzen ari da urte honetan: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza, eta balio horietan kokatzen da gaurko jaia.
Goizean zehar, ateri eutsi du eguraldiak, eta giro ederrean ospatu dute festaren lehen partea. Arratsaldean jarraituko dute ekintzekin, eta, besteak beste, bazkaria, Ekain Txouren emanaldia eta Krostadarra izango dira.
Arratsaldeko egitaraua, hemen:
- 14:00. Herri bazkaria, Azoka Plazan.
- 16:30. Ekain Txou, herriko plazan. Berria egunkariak antolatuta.
- 19:00. Krostadarra (kros anitza, 1,2 kilometroko ibilbidea). Atzegi eta Marea Urdina elkarteekin elkarlanean antolatuta.
- 19:30. Skapaie elektrotxaranga.
- 22:30. Belako eta Nize taldeen kontzertuak, Sanagustin kulturgunean.