Goizean goiz hasitako Kilometro Txikien festari Krostadarrarekin eman zioten bukaera atzo. Dozenaka lagunek parte hartu zuten plazan hasi eta plazan bukatu zen martxan, eta ordu horretarako eguraldi txarra iragarrita zegoen arren, tanta batzuk besterik ez zituen bota.
Antolatzaileak gustura zeuden egunaren bukaeran, "egun borobila" atera zela eta. "Gure hiru ardatzak erdigunean —euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna, eta herrigintza—, egun bete-betea izan da". Eskerrak eman zizkieten egunean zehar gauzatutako jardueretan parte hartu zuten guztiei: "Atzegi, Dislegi, Marea Urdina, Kulturaz, Berria, Guka, UEMA, Ikastolen Elkartea, gurean izan ditugun beste kulturetako komunitateak, ikastolako komunitatea eta oro har, euskara zubi izanda, parte hartu duzuen guzti-guztioi. Eguraldia lagun izan ez denez, egitaraua egokitu egin behar izan dugu, eta asko eskertzen dugu arazoei aurre egiteko alde guztien partetiktopatu dugun jarrera ona. Poza eta komunitate izpiak indartsu direnean, ezin baita gelditu aurrerabidea".
Egun ederra izan zela adierazi zuten, eta euri artetik ere, ikusi zituztela izpiak. "Kultur aniztasuna izan da goizean nagusi, eta elkarrenganako errespetuan, euskara erdigunean jarrita egin behar dugun bidean aurrera egiteko beste harri mordoska jarri dugula uste dugu. Dislegik eta Berriak prestatutako haurrentzako jolasetan, barre izpiak ikusi ditugu ezpainetan, eta irribarre handiak ere bai. Kilometroetako eguzkiloredun zapiak lepoan, auzolanean antolatutako bazkaria ere ederra izan da. Jai giro onean, eta gure eguzkilorearen koloreak nagusi. Ekain Txouk alaitu digu arratsaldea, eta Krostadarrean egin dute bat kolore eta forma guztietako izpiek".
Krostadarraren bukatu ostean, Eskapaie elektrotxarangak hartu zuen kaleak girotzeko lekukoa, eta haien atzetik, Nizek eta Belakok kontzertu bana eman zuten Sanagustin kulturgunean.
Antolatzaileek egunaren balorazio positiboa egin dute, beraz. "Kultur aniztasuna, aniztasun funtzionala, adin aniztasuna eta aniztasun guztiak kontuan hartuta saiatu ginen eguna antolatzen, eta asebeteta gaude emaitzarekin. Noski, hobetu beharrekoak ere apuntatu ditugu, eta horretan saiatuko gara aurrerantzean. Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak balorazio oso ona egiten du igaro den egunarena, eta lanean jarraitzeko pozez eta indarrez bete gaitu horrek. Urriaren 7an egingo dugun Kilometroen eguna antolatzen ari gara gogotsu, baina aurretik ere baditugu oraindik ekimenak. Esate baterako, bertso saioa izango da maiatzaren 17an, 19:00etan, Soreasu antzokian. Dagoeneko, saiorako sarrerak erosgai daude Kulturaz.eus webgunean. Horrez gain, Tutera-Azpeitia etapetako ibilaldiak ere aurrera jarraitzen du".