XJ Auzolanean hasita dago Sanjuandegiko festak antolatzen, eta dagoeneko jakinarazi du noiz izango den Umeen Eguna. Hain zuzen, maiatzaren 25an izango da aurten haur eta gaztetxoentzat prestatutako eguna. Haur Hezkuntzako 4 eta 5. mailako haurrei eta Lehen Hezkuntzako 1-2-3 eta 4.mailako haurrei zuzenduta egongo da Sanjuandegiko Umeen Eguna.
Izen-ematea, aste honetan bertan irekiko dute XJ Auzolanean taldeko kideek. Ostiralean, maiatzaren 3ean, 17:00etatik 20:00etara eta larunbatean, hilak 4, 10:00etatik 13:30era bitartean egongo da izen-ematea egiteko aukera, XJren auzo lokalean, igerilekuaren eraikinean.
Aurreko urteren bateko kamiseta erabiliko duten haurrek 6 euro ordaindu beharko dute izen-ematea. Kamiseta berria nahi dutenek berriz, zortzi euro.
Umeen Eguneko xehetasunak
Umeen Egunean, maiatzaren 25ean, parte-hartzaileak Jose Antonio Agirre plazan elkartuko dira 12:00etan. Ondoren, jolasak egingo dituzte 13:45era arte, eta 14:00etan bazkaria izango da. Bazkalostean, 14:30ean, beste hainbat jolas egingo dituzte. Horiek amaitzean, 15:00etan, haurrak gurasoekin elkartuko dira. Arratsaldean, berriz, 16:00etan, Iago Magoren ikuskizuna izango da Jose Antonio Agirre plazan.
"Gaizki ulertuak ekiditeko" hainbat ohar eman dituzte antolatzaileek: "Aldez aurretik, azpimarratu nahi dugu umeen egunean izango diren haur taldeak ausaz eginak izango direla; izen ematearen datak errespetatzeko ardura hartzen dugu, ez da salbuespenik egongo, ezta egunean bertan gerturatzen direnekin ere; 15:00tatik aurrera haurrak gurasoen ardurapean egongo dira".
Informazio gehiago nahi edo zalantzak izatekotan, herritarrek 645 471 700 telefonora dei dezakete.