Gipuzkoako III. Errotagintza Topaketa egingo dute larunbatean

Intza Trula 2024ko api. 29a, 17:15

Igarako errota. (Arnaitz Rubio)

Gipuzkoako III. Erroten Egunaren barruan goiz osorako egitaraua prestatu dute Azpeitiko Basazabal jauregian. Maiatzaren 8an eta 12an ere izango dira erroten inguruko zenbait jarduera.

Gipuzkoako III. Errotagintza Topaketa antolatu dute larunbaterako, hilaren 4rako. Hain justu, Gipuzkoako III. Erroten Egunaren barruan antolatu dute egitaraua, eta goiz osoan zehar askotariko jarduerak eta hitzaldiak izango dira Basazabal jauregian. Horrez aparte, maiatzaren 8an eta 12an ere erroten inguruko jarduerak izango dira.

Larunbatean, 10:00etan hasiko dute eguna, Azpeitiko udal ordezkariek egingo duten ongietorriarekin; bertan, besteak beste, Gipuzkoako III. Erroten Egunaren nondik norakoak azalduko dituzte. Jarraian, Luis Juaristi Urola Bizirik taldeko kideak hartuko du hitza, Azpeitiko errotak hitzaldia emateko. Hamaiketakoa egingo dute jarraian, eta topaketa amaitzeko, Toberagileko eta Igarako errotak bisitatuko dituzte. Larunbatean bertan zabalduko dute Errotak, makina harrigarriak izeneko erakusketa ere, Sanagustin kulturgunean. Maiatzaren 12ra arte egongo da ikusgai.

Gipuzkoako III. Erroten Eguna

Larunbatekoaz gainera, Gipuzkoako III. Erroten Egunaren barruan beste hainbat jarduera antolatu dituzte datozen asteetarako. Maiatzaren 8an, esaterako, errotei buruzko ezagutzan sakontzeko hitzaldia eskainiko du Joxin Azkuek: Azpeitiko errotak estraperlo garaian. Historian lizentziatua da Azkue, eta Gizarte Zientzietan ikerlaria ere bai.

Hirugarren eta azken jarduera maiatzaren 12an izango da. Egun horretan Igarako errotara bisita gidatuak eta talo tailerrak eskainiko dituzte. Bi txandatan banatuko dira: 10:00etan eta 11:30ean. Doako jarduera izango den arren, parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan eman beharko dute izena, plazak mugatuak izango baitira. Izen ematea maiatzaren 10a baino lehen egin behar da.

Honakoa da Gipuzkoako III. Erroten Egunaren egitaraua:

Maiatzak 4, larunbata

  • 10:00. Ongietorria Azpeitiko udal ordezkarien eskutik.
  • 10:15. Gipuzkoako III. Erroten Egunaren egitarauaren aurkezpena.
  • 10:30. Azpeitiko errotak hitzaldia, Luis Juaristi Urola Bizirik taldeko kidearen eskutik. 
  • 10:45. Hamaiketakoa.
  • 11:30. Toberagileko eta Igarako errotetara bisitak.

Maiatzak 8, asteazkena

  • 19:00. Azpeitiko errotak estraperlo garaian hitzaldia Sanagustin kulturgunean, Joxin Azkueren eskutik.

Maiatzak 12, igandea

  • 10:00. Bisita gidatua eta talo tailerra Igarako errotara.
  • 11:30. Bisita gidata eta talo tailerra Igarako errotara.

Maiatzaren 4tik 12ra

Errotak, makina harrigarriak erakusketa, Sanagustin kulturgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide