Itzulerarik gozoena

Mailo Oiarzabal eta Nerea Uranga 2024ko api. 29a, 21:46

Domusa Teknik ISBko jokalariak Azkoitiko udaletxeko balkoian gaur arratsaldean. (Nerea Uranga)

Igoera fasean lautik lau irabazita, berriro Espainiako LF Challenge ligan aritzeko txartela lortu du Domusa Teknik ISB Azpeiti-Azkoitiko saskibaloi taldeak. Gaur arratsaldean Azkoitiko Udalean harrera izan dute Iraurgiren emakumeen taldekoek.

Kirolak, bizitzak bezala, gorabehera handiak izan ditzake epe laburrean, eta horren adibide da Domusa Teknik ISB. Iraurgi saskibaloi klubaren emakumeen talde nagusiak kolpe gogorra jaso zuen duela urtebete: azken jardunaldian, inor gutxik espero zuen eta ia ezinezkoa zirudien karanbola bat tarteko, maila galdu eta Espainiako saskibaloiaren bigarren mailatik –LF Challenge– hirugarrenera –LF2– jaitsi zen. Herenegun, Utebon (Espainia), igoera fase perfektua borobilduta, LF Challengera itzultzea lortu zuen Azpeiti-Azkoitiko taldeak.

Joan den ostegunetik igandera, lau jardunalditan erabaki behar zituzten igoerako bi postuak LF2 ligako zortzi taldek, liga erregularreko multzo banatako lau onenek. B multzoan hirugarren tokian sailkatuta eskuratu zuen igoera faserako txartela Iraurgik, eta, horren arabera, ez zen jokoan zeuden bi txartelak lortzeko faborito nagusien artean ageri. Baina pronostikoak hausteko ere egiten dira, eta Luis Agirre Katxi-k zuzendutako taldeak goitik behera bota ditu guztiak Uteboko hitzorduan. Sailkapen ligaxkako hiru partidak (Miralvalle Plasenciari 51-55 ostegunean, 48-54 Castellori ostiralean eta 60-49 Maristas Coruñari zapatuan) irabazi ondoren, igandean 55-40 gainditu zuen Arxil finala zen finalaurrekoan, igoerako bi txarteletako bat bereganatzeko.

Arantza kenduta

Utebon bertan hasi zituzten ospakizunek jarraipena izan dute gaur arratsaldean Azkoitian. Udalak harrera egin die Domusa Teknikeko taldekideei, eta herritarrek ere izan dute haiek txalotzeko aukera, udaletxeko balkoira irten direnean.

Ordu batzuk lehenago, Agirre entrenatzaileak hedabide honekin hitz egin du lorpenaz. Igandetik gauerdia gauerdia pasa dela iritsi dira etxera, eta tailerretik erantzun ditu galderak Agirrek. Biharamunean "nekatuta, baina oso pozik, oraindik emozioak pil-pilean eta gertatutakoa asimilatzen" ari dela aitortu du azpeitiarrak.

2022-2023 denboraldian modu bereziki krudelean maila galdu ondoren, sasoi honen hasieran taldearen helburua igoera faserako sailkatzea zela azaldu du Agirrek, "berriro LF Challengera igotzeko txartelengatik borrokatzea", baina, era berean, aukera hori ez zuten hain eskura ikusten: "Jokalariek bazuten arantza hori, berriz LF Challengera itzultzeko gogoa, baina, era berean, ez urte batetik bestera lortzeko premia. Igoera fasean sartzen ahalegintzea zetorren aurrena, helburu hori betetzen saiatzea. Ligan hirugarren gelditu ginen, igoera fasean sartzeko helburua beteta gelditu zen, eta guretzat saria zen jada azken fase hori jokatzea".

Sari potoloagoarekin itzuli dira, ordea, etxera. Denboraldi osoko lana "borobiltzea"; izan dira igoera eta igoera fasean erakutsitakoa Agirrerentzat. Liga erregularrean Domusa Teknik ISBren multzo berean lehen postuan sailkatu zen Barakaldo eta beste multzoko Miralvalle ziren faboritoak gehienentzat; baina, hara nola, biak igoeraren saririk gabe gelditu dira azkenean. Agirrek bazuen fedea bere taldearen lehiakortasunean. "Aurreko denboraldiko multzoa mantentzeak bermatzen zigun lehiatzeko grina bazegoela. Ligaxkako hiru partidak ondo irten zitzaizkigun. Gainera, bigarrena irabazita lortu genuen igandeko partida erabakiorrerako txartela; ligaxkako azken partidan jokalariei atseden emateko aukera izan genuen, eta hori plus bat da", azaldu du entrenatzaileak.

Atzo, finala zen finalaurrekoan, Arxil hartu zuten mendean Iraurgikoek. Agirrerren emakumeentzat partida berezia bazen, zer esanik ez Pontevedrako Galiziakoentzat: igoera fasea hasi baino egun batzuk lehenago hil zen Maite Mendez, taldearen entrenatzailea. "Are motibazio indartsuagoa zuten beraiek, hirugarren jardunaldian azkenak geratzeko zorian izatetik igoera lortzeko aukera zuten gure kontra; Barakaldori hamahiru puntuko aldea atera zioten eta ultramotibatuta zeuden", kontatu du Iraurgikoen entrenatzaileak. Motibazio horrek guztiak aurkariari nola eragingo zion ikusteko zegoen, baina Domusa Teknik ISBren partida hasiera ez zen onena izan. "Urduriago hasi ginen, akats gehiago eginez. Markagailuan nahiko parekatuta ibili ginen hasieran [18-16 eta 14-10 izan ziren atsedenaldiaren aurreko partzialak], baina partidak aurrera egin ahala lasaitu egin ginen, geure lekua aurkitu genuen" esan du Agirrek. Hirugarren laurdena 16-5 partzialarekin irabazita, azken laurdenean 20 puntuko abantaila hartzera iritsi zen Iraurgi; azkenean, 7-9 galdu zuten azken laurden hori, baina Arxilek ez zuen erakutsi markagailuari buelta emateko gaitasunik, eta garaipenaz aurrez gozatzeko tartea eren izan zuten Azpeiti-Azkoitiko jokalariek azken uneetan.

Ospatu eta hausnartu

Bukaera ezin hobea izan bada ere, gorabeheratsuak izan dira azken hilabeteak Domusa Teknik ISBrentzat; besteak beste, entrenatzaile dantza izan dute Agirre beraren eta Joseba Lizarralde Rubio-ren artean. Atzoko partida erabakiorraren aurretik jokalariei zer esan zien galdetuta, horrela azaldu du Agirrek: "Urtea guretzat ere ez dela batere gozoa izan esan nien: entrenatzaile aldaketa, aurreko denboraldian izan zuten dinamika negatiboari buelta ematea.... Jokalariek beren kabuz eta beren indarrari esker lortu dute egoera hori gainditzea, eta horixe azpimarratu nien. Esan nien sari bat zela gu han egotea, gozatu egin behar genuela, eta azken segundoraino borrokatzeko ahalmena erakutsi".

Ospatzeko une hauen ondoren etorriko da datorren denboraldiari begira jartzeko eta "hausnartzeko" unea, klubarentzat ez ezik, baita Agirrerentzat ere. Entrenatzaileak ez daki Domusa Teknik ISBren aulkian jarraituko duen. "Ikusiko dugu zer datorren", dio.

Domusa Teknik ISBkoak Azkoitiko udaletxeko harreran. (Nerea Uranga)

Harrera Azkoitiko Udaletxean

Utebotik bueltan, Azkoitiko Udalaren ongietorria jaso dute Domusa Teknik ISB taldekoek. Ana Azkoitia alkateak "gora gure txapeldunak, eta zorionak munduko harrotasun guztiarekin" esanaz hartu ditu saskibaloi jokalariak udaletxeko batzar aretoan. Iraurgiren emakumeen taldearekin bizitako omentu onak txarrak baino gehiago izan direla gogorarazi du Azkoitiak, "onekin gelditzen gara". Beste behin kantxan daukaten gaitasuna eta indarra erakutsi dutela aitortu die Azkoitiko alkateak Iraurgikoei. Espainiako bigarren mailan jokatzeko aukera lortuta "urrats potoloa" egin dutela esan die saskibaloi jokalariei. "Igoerak eztia bezala gozoak dira eta emakumeok kirolean egiten ari zareten jauziak oraindik eta gozoagoa egiten du garaipena. Benetako aitortza merezi duzue, kantxan erakutsi duzue, eta argi izan etorkizuneko emakume kirolarientzat eredu zaretela". Erakundeak eta herria ondoan izango dituztela azaldu die alkateak, eta denak zoriondu ditu harrera ekitaldian. Ondoren, Azkoitiko plazan bildutako dozenaka herritar agurtzera udaletxeko balkoira atera dira Domusa Teknik ISBko jokalariak eta kideak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide