Tutera-Azpeitia egitasmoaren laugarren etaparako izen ematea irekita dago Lagun Onak mendi bazkunaren webgunean. Maiatzaren 11n, Lerin eta Iratxe arteko 31 kilometroak osatuko dituzte Lagun Onakekoek eta haiekin bat egiten duten lagunek. Laugarrenarekin "gauzak serio jartzen" hasiko direla ohartarazi dute mendi bazkunakoek, "etaparen lehen erdian Nafarroa hegoaldeko lautadei agur esan, eta zonalde malkartsuan sartzen" hasiko direlako. "25 kilometroko bidea osatu ostean, etapako azken txanpan Jurramendi (1.042m) igo eta jaitsiko dugu, Tutera-Azpeitia ekimeneko lehenengo harkaitz serioa", azaldu dute antolatzaileek.
Helduei zuzendutako egun osoko irteera 07:00etan hasiko da, ordu horretan irtengo baita Azpeititik Lerinera joateko autobusa, anbulatorio aurretik.
Hilaren 9a (osteguna) izango da izena emateko azken eguna, autobusa aurretik osatzen ez bada, beti ere. Lagun Onak MBren bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, 20 euro.