Maiatzaren 8an zozkatuko dituzte Iñaki Azpiazuko eta Buztintzuriko Errebaleko etxe tasatuak

Mailo Oiarzabal 2024ko mai. 2a, 12:32

Iñaki Azpiazu kaleko etxebizitza tasatuen etxaurreetako bat. (Azpeitiko Udala)

18:00etan izango da, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Bi zozketa bereizitan esleituko dituzte bost etxeak: Iñaki Azpiazu kaleko 20-22 zenbakietako erregimen bereziko hirurak batetik, eta Buztintzuriko Errebaleko 4. zenbakiko erregimen orokorreko biak bestetik.

Datorren asteazkenean, maiatzaren 8an, zozkatuko ditu Azpeitiko Udalak aurreko esleipen prozeduretan Iñaki Azpiazu eta Buztintzuriko Errebaka kaleetan hutsik gelditutako bost etxebizitza tasatuak. Bi zozketa bereizitan esleituko dituzte bost etxeak: Iñaki Azpiazu kaleko 20. eta 22. zenbakietako erregimen bereziko hiru etxeak zozkatuko dituzte lehendabizi, eta Buztintzuriko Errebaleko 4. zenbakiko erregimen orokorreko biak ondoren. Azoka Plazako lehen solairuko aretoan egingo dute zozketa ekitaldia, 18:00etan hasita.

Aipatutako etxe tasatuen zozketan parte hartzeko behin betiko onartutakoen zerrendak ikusgai daude udalaren webgunean: 62 eskatzaile onartu dituzte Iñaki Azpiazu kaleko etxeen zozketarako, eta 31 Buztintzuriko Errrebaleko etxeen zozketarako; behin-behineko zerrendetan, 81 eskaera jaso zituzten Iñaki Azpiazukoek, eta 43 Buztintzuriko Errebalekoek.

Etxeak aukeratzeko datak ere, zehaztuta

Tasatutako bost etxebizitzen zozketaren egunarekin batera, etxe aukeraketak egiteko datak ere jakinarazi ditu Azpeitiko Udalak.

Maiatzaren 14an, asteartea, 17:00etan jarri dute Iñaki Azpiazuko etxeak aukeratzeko hitzordua. Buztintzuriko Errebalekoak, berriz, maiatzaren 21ean, asteartea, aukeratu beharko dituzte, ordu berean.

Etxebizitzaren bat esleitu gabe geratzen bada, "itxaron zerrendakoei jakinaraziko" zaiela aurreratu du udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide