Energia bulegoa irekiko du Azpeitiko Udalak Done Jakue kalean, Frontoi Txiki ondoan. Astelehenean irekiko dute bulegoa aurrenekoz. Udalak azaldu duenez, energiari lotutako edozein zalantza argitzeko jo ahal izango dute herritarrek bulegora: "Fakturak ulertzeko laguntza behar dutelako, energia berriztagarriren baten proiektua finantzatzeko zer laguntza dauden jakin nahi dutelako, eraikinen birgaitze energetikorako eman beharreko urratsak zein diren ez dakitelako edo auto elektrikoa erosteko egon daitezkeen laguntzen berri izan nahi dutelako, besteak beste".
Energiari lotutako gaiak eta izapideak ulertzeko zailtasunak izaten direla iritzita erabaki dute energia bulegoa irekitzea; izan ere, udalaren esanetan, "energia fakturetan agertzen den terminologia, oro har, ulergaitza izan ohi da herritar askorentzat, eta informazio falta hori muga bihurtzen da zenbait erabaki hartzeko orduan". Halaber, sektore horretan "berrikuntza berriak" izaten direla uste du erakundeak, eta herritarrei informazioa ahalik eta zuzenen ematea da bulegoaren xedea: "Energia sektoreko teknologietan, legeetan, dirulaguntzetan berrikuntza handiak egon ohi dira, eta ez da erraza izaten horien berri izatea. Faktore horiek guztiak kontuan hartuz, udalak egoki ikusi du energia bulegoa irekitzea, aurrez etxebizitza bulegoarekin egin zuen bezala".
Astelehenetik ostiralera irekiko dute bulegoa, eta langile bat kontratatu dute zerbitzua eskaintzeko. Astelehen, astearte eta ostiraletan 10:00etatik 14:30era irekiko dute lokala. Asteazken eta ostegunetan, berriz, 17:00etatik 19:30era.
Aurrez aurrekoa izango da zerbitzua, telefono deiei eta posta elektronikoei ere erantzungo diete arren, eta hasieran txanda bidez funtzionatuko du. Harremanetarako, 943 119 806 zenbakira deitu edo energia@azpeitia.eus webgunera deitu beharko da.