Abiatu dira Domusa Teknik 40 MLK ultra trailaren hirugarren edizioan eta Domusa Teknik 15 MLK lasterketaren lehendabizikoan parte hartzen ari diren korrikalariak. 08:00etan abiatu dira Azpeitiko plazatik proba luzeena egingo dutenak; guztira, 65 kilometro eta 3.700 metroko desnibela dituen ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Ordu erdi geroago abiatu dira 26 kilometroko ibilbide motzagoa osatu beharko duten kirolariak; horiek 1.400 metroko desnibel positiboa duen bidea egin beharko dute.
Honako ibilbidea osatuko dute proba luzean parte hartzen ari direnek, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizama artean: Arroita edo Arauntza (612m), Sañoa (616m), Gazume (1.002m), Hernio (1078m), Murumendi (868m), Izaspi (973m), Hiruarrieta edo Samiño (933m) eta Xoxote (912m) gainak igaroko dituzte kirolariek Azpeitiko plazako helmugara iritsi aurretik. 15 MLK probako korrikalariek, berriz, honako ibilbidea osatu beharko dute: Aizpuru Behekoa, Larrume Txiki, Munoaundi (381 metro), Ikasberri, langa, Xoxote (912 metro) eta Azpeitiko plaza.
Momentu batetik aurrera, lasterketa laburrekoek proba nagusikoekin bat egingo dute, eta, ondoren, bi proben ibilbidea bera izango da. Beraz, Ikasberri ikastolaren aurrean egongo den anoa gune urdinean animoak jaso ostean, Xoxoteko gailurrera igo beharko dute lasterketa laburrekoek ere, luzekoek egingo duten modu berean.
Aipatzekoa da, gainera, 450 boluntario inguru ari direla lanean bi probak gauzatzea posible egiteko.
Korrikalari ezagunak
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, herriko hainbat kirolarik ez ezik, beste hainbat puntako korrikalari ezagunek ere parte hartuko dute gaurko lasterketetan. Emakumeen artean, Gaztela-Mantxako (Espainia) Gemma Arenasek brontzezko domina lortu zuen Thailandian 2022an, eta Kataluniako Marta Molist taldekako urrezko dominaren parte izan zen Arenasekin batera. Bi kirolari horiek Oihana Azkorbebeitia bizkaitarra –azken bi edizioetako irabazlea– eta Eli Rios boliviarra izango dituzte aurrez aurre proba luzean.
Gizonezkoei dagokienez, Miguel Heras izango da protagonista nagusia proba luzean. Gaztelarrak (Espainia) munduko ultra lasterkari onenen artean jarraitzen du 48 urterekin. 2024an Joma Trailek fitxatu du, eta zilarrezko domina eman zion taldeari Transgrancanaria 125K lasterketa esanguratsuan. Bestalde, Zaid Ait Malek Espainiako selekzioko beteranoa izan da hainbat munduko txapelketetan, eta maila handia du. Horiekin batera, urtez urte maila hobetzen ari diren beste bi lasterkari izango dira: Lluis Ruiz Oller kataluniarra (La Sportiva) eta Andres Jover kataluniarra (Lurbel Team).
Domusa Teknik Lana etxeko taldeak, bestalde, hirukote indartsua aurkeztu du mundu mailako lasterkari horiei aurre egiteko: Borja Zubizarreta azkoitiarra –azken edizioko txapelduna– buru delarik, Goar Lopetegi ibarrarra (Gipuzkoa) eta Alvaro Ramos salamankarra (Espainia) izango dira lehian. Proba luzean ez ezik, motzean ere ospe handiko korrikalariak ari dira parte hartzen, besteak beste, Domusa Teknik Lana taldeko bi liderrak: Onditz Iturbe bata, Espainiako trail txapelduna, eta Aritz Egea beteranoa, 2023an Espainiako Ultra Traileko titulua lortu zuena eta Domusa Teknik 40MLK probaren lehen edizioaren irabazlea. Iturbek aurrez aurre izango dira, besteren artean, Alba Sanegre eta Irantzu Txintxetru, ezustekoa eman dezaketen bi korrikalari.
Era berean, proba luzea osatuko du Mario Yllera madrildarrak gaixotasunen ikusgarritasunaren alde; hark, gainera, Marea Urdinakoekin batera osatuko du Loiola ingurutik abiatzen den milia urdina.
Trafikoan aldaketak
Goizean goizetik iluntzeraino, Domusa Teknik 40 eta 15 MLK mendi lasterketak direla-eta Alde Zaharra trafikoarentzat itxita izango da, eta inguruan hainbat aldaketa izango ditu ibilgailuen joan-etorriak.
Done Jakue kalera, Soreasura eta Madalenara edota Enparan kalera sartzea izango dute ibilgailuek, baina mugatuta, eta aldaketa guztien berri eman du Udaltzaingoak. Horrela, Done Jakuera sartzeko aukera izango dute ibilgailuek, baina parrokia atzetik; hala ere, "ahal bada" aukera hori saihesteko eskatu dute udaltzainek. Estazioko zubia itxita izango dute ibilgailuek, Julian Elortza hiribideko autobus geltoki ondotik Perez Arregi plazatxoraino. Soreasura sartzeko, Damasoneko zubia erabili beharko dute ibilgailuek. Enparan kaleko garajeetara, berriz, ohiko moduan sartu ahalko dira ibilgailuak, Enparango zubira liburutegi aurretik sartuta.
Egitaraua
Kirola eta festa uztartuko ditu aurten ere Domusa Teknikek eta Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako mendi lasterketak. Horregatik, lasterketaren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte gaur egun osorako.
Gaur, larunbata.
- 6:00-7:30. Dortsal banaketa Azoka Plazan.
- 07:30. Korralitoa.
- 07:45. Korrikalari esanguratsuen aurkezpena.
- 08:00. Domusa Teknik 40 MLK irteera.
- 08:30. Domusa Teknik 15 MLK irteera.
- 09:30. Trail martxa urdinaren irteera.
- 10:35. Domusa Teknik 15 MLK lehen korrikalaria helmugan.
- 13:45. Domusa Teknik 40 MLK lehen korrikalaria helmugan.
- 17:00-21:00. Oihan Vega plazan.
- 20:30. Elektrotxaranga (antolatzailea: AZTE)
- 20:30. Domusa Teknik 40 MLK azken korrikalariari ongi etorria.
- 21:00. Sari banaketa plazan.
- 23:00. Sanagustien Anestesiaren kontzertua (antolatzailea: Kulturaz).
GUNE URDINEAN
- 09:30. Domusa Teknik 15 MLK lehen korrikalariari ongietorria.
- 11:00. Trail martxa urdinaren iritsiera eta inklusioaren aldarrikapen irakurketa.
- 11:00-13:00. Sentsibilizazio jolasak.
- 11:00-18:00. Atracciones Sanzen puzgarriak.
- 12:30. Domusa Teknik 40 MLK lehen korrikalariari ongietorria.
- 12:00-16:00. Eusko Labelen eskutik pintxo eta edariak.
- 17:45. Domusa Teknik 40 MLK azken korrikalariari ongietorria.