Bi mendi lasterketa jokatu dira gaur Azpeitian, Lagun Onak mendi bazkunak antolatuta, Domusa Tekniken babesarekin. 08:00etan abiatu dira plazatik Domusa Teknik 40 MLK ultra trailaren hirugarren edizioan parte hartu duten 550 korrikalariak. Eta ordu erdi geroago abiatu dira Domusa Teknik 15 MLK probaren lehen edizioko 250 parte hartzaileak.
40 MLK proban parte hartu dutenek helmugara iritsi aurretik 65 kilometro eta 3.700 metroko desnibela duen ibilbidea egin behar izan dute. Txapelduna Miguel Heras izan da 6:01:46 denbora eginda. Haren atzetik, Alvaro Ramos, Goar Lopetegi eta Borja Zubizarreta elkarrekin sartu dira helmugara, proba 6:05:22 denboran eginda. Gizonetan lehendabiziko azpeitiarra Unai Zialtzeta izan da, 6:30:23 denbora eginda. Emakumeetan aurrena Gemma Arenas izan da 7:04:56 denbora eginda, eta iaz Oihana Azkorbebeitiak ezarritako marka hautsi du; lau minutu eta hamazazpi segundoko aldea aterata. Bigarren egin duen emakumea Mayi Mujika izan da (7:14:02), eta hirugarren eginda, podiuma Oihana Azkorbebeitiak (7:21:56) osatu du. Emakumeetan aurreneko azpeitiarra helmuga igarotzen Nerea Azpiazu izan da (8:46:51).
Domusa Teknik 15 MLK lasterketa egin dutenek 26 kilometroko eta 1.400 desnibel positiboko ibilbidea osatu behar izan dute. Helmugan aurrena Aritz Egea izan da, 2:02:13 denbora eginda, eta bigarrena, lau minutu geroago helmugara iritsita, Oier Elortza azkoitiarra (2:06:02) eta hirugarrena Xabat Manzisidor azpeitiarra, 2:06:56 denborarekin. Emakumeetan Ainhoa Intxausti irabazi du 15 MLK probaren txapela, 2:34:18 denboran helmugaratuta. Bigarren Laida Elizegi (2:37:04) helmugaratu da, eta hirugarren, Garazi Sanpedro (2:37:53). Emakumeetan aurreneko azpeitiarra Naroa Uria izan da, 2:47:41 denbora eginda, eta haren atzetik sartu da helmugan Onintza Zeberio herrikidea (2:49:57).
Plazan izugarrizko giroa egon da egun guztian zehar, eta jende ugari bildu da lasterkariak animatzeko.