Donibane Lohizuneko "hilketa matxista" salatu dute dozenaka herritarrek, Itaiak deituta

Nerea Uranga 2024ko mai. 5a, 15:15

Urola Erdiko Itaiak deituta gaur eguerdian Azpeitian egin den elkarretaratzea. (Nerea Uranga)

Emakume baten gorpua aurkitu dute Donibane Lohizuneko hotel batean, eta haren bikotekidea atxilotu dute. "Hilketa matxista" hori salatzeko dozenaka herritarrek protesta egin dute gaur eguerdian Azpeitiko plazan, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelo hartuta.

Ostiralean emakume bat hilda aurkitu zuten Donibane Lohizuneko hotel batean (Lapurdi), eta haren bikotekidea atxilotu eta ikerketa abiatu dute "aldez aurretik prestatutako hilketa" izan den argitzeko. Gertaera hori salatzeko Urola Erdiko Itaiak elkarretaratzeak deitu ditu gaurko Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan. Azpeitian 13:00etan egin duten mobilizazioan dozenaka herritar bildu dira, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelo hartuta. Hala adierazi du Urola Erdiko Itaiak: "Ostiralean izandako erailketa matxista salatzeko elkartu gara. Izan ere, indarkeria matxista aurrekariak zituen gizonezko batek bere emaztea erail du Donibane Lohizunen. Urola Erdiko Itaiatik babes eta elkartasun osoa helarazten diegu eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei".

Emakumeen aurkako erasoak ia egunero gertatzen direla salatu dute Itaiakoek elkarretaratzearen bukaeran, hala adierazi dute: "Gaur egun, emakume langileon aurkako erasoak eguneroko ogi izaten jarraitzen dute. Horren adibide da EAEn urtearen lehen hiruhilekoan salatutako eraso matxistak % 20 igo izana: 1.514 emakumek salatu dute indarkeria matxista jasan izana urtarrilean, otsailean edo martxoan".

Erasoak "ez dira kasu isolatuak" Urola Erdiko Itaiaren ustez, emakumeak zapalduta dituen "gizartearen adierazpena" dira; "Erailketa matxistak muturreko adierazpenak dira".

Egoera horren aurrean Itaiak beharrezkoa ikusten duena honakoa da: "Batetik, indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak hedatu behar dira. Bestetik, emakume langileon aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatu, eta emakumeok egoera horretatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomikoak eta sozialak garatu behar dira. Finean, indarkeria matxista gainditzeko antolakuntza politiko independentea indartu behar da". Hori horrela izan dadin, Urola Erdiko Itaiak lanean jarraitzeko "konpromiso osoa" adierazi du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide