Lagun Onak futbol klubaren gizonen talde nagusiak ez du Bigarren RFEF mailara igotzeko play-offa jokatuko. 2-1 galdu zuen atzo Touring taldearen zelaian, eta liga erregularra amaitzeko jardunaldi bakarra falta denean, lau puntura du Azpeitiko taldeak igoerako borrokan aritzeko eskubidea ematen duen azken postua, bosgarrena; Deustok kendu zion play-offeko tokia Lagun Onaki 31. jardunaldian, Jose Luis Riberaren taldeak Beasainen galdu zuenean.
Azken jardunaldira arte play-offean sartzeko borrokari eusteko zorian egon zen atzo Lagun Onak Errenterian (Gipuzkoa), baina partidaren azken txanpan galdu zituen partida bera eta aipatutako aukerak. Irabazten hasi zen Lagun Onak, 20. minutuan Alain Arreitunandiak egindako golarekin. Irabazten hasi ez ezik, gutxieneko abantailari neurketaren azken txanpara arte eutsi zioten Riberaren gizonek. Baina etxekoek mailari eustea zuten jokoan, eta bi minututan, emaitzari buelta ematea lortu zuten: 79. minutuan lortu zuen Touring-ek berdinketaren gola, eta 81.ean, garaipenarena.
Aspaldiko denboraldietan ez bezala, Lagun Onak sailkapenaren ohorezko postuetan ibili da ia sasoi osoa, azkenean ia eskura izan duen saririk gabe gelditu bada ere. Garmendipen itxiko du denboraldia Riberaren taldeak datorren zapatuan, 18:00etan, Paduraren kontrako neurketarekin.