Azpeitiko Zezenzale Batzordeak jakinarazi ditu saninazioetako zezenketen datak, toreatzaileak eta ganadutegiak. Azken hilabeteetan pixkanaka joan dira datuak jakinarazten haien sare sozialetan, eta atzo eman zuten kartel osoaren berri. Aurtengo feriak askotariko osagaiak izango ditu: izen eta ibilbide oparoko toreatzaileak, debuta egingo dutenak eta ganadutegi ezagunak.
Uztailaren 31n, abuztuaren 1ean eta 2an izango dira San Inazio jaietako zezenketak. Uztailaren 31n Loreto Charro ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte Morante de la Pueblak, Daniel Luquek eta Juan Ortegak. Morante de la Puebla hiru deialditan iragarri duten arren, 2022an etorri zen azkenekoz Azpeitira. Ez da Luquek Azpeitian eskainiko duen erakustaldi bakarra izango, hurrengo egunean bigarren jardunaldia egingo baitu. Hain zuzen, abuztuaren 1ean Ana Romero ganadutegiko zezenak aterako dira zezen plazara, eta Urdiales, Daniel Luque eta Borja Jimenez toreatzaileen txanda izango da.
Abuztuaren 2an Clementek, El Colombok eta Jorge Martinezek Murteira Graveko zezenak toreatuko dituzte. Jorge Martinezek amaiera emango dio nobillero ibilbideari, eta Azpeitian debuta egingo du toreatzaile gisa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "proiekzio handiko toreatzaile gaztea" da Martinez. 2021ean nobillero gisa aritu zen Azpeitian, eta orain plaza horretara itzuliko da toreatzaile ibilbidea hasteko.
Kartela itxi duten arren, aurrerago aurkeztuko dituzte saninazioetako zezenketak.