Egun bakarra baina betea prestatu dute aurten Aratzerrekan San Isidro jaiak ospatzeko. Santuaren egunean, maiatzaren 15ean, ez dute festa hitzordurik izango aurten; baina datorren zapaturako, maiatzaren 11, goizetik gauera arte festa giroaz gozatzeko moduko egitaraua prestatu dute.
Goizean, txupinazoa bota eta Atxur Festaren aitzurra altxatu ondoren, pilota partidak eta hamaiketakoa izango dituzte. Arratsaldea, aurreko urteetan bezala, umeei eskainiko diete. Eguraldiak laguntzen badu, aitzurrarekin altxorraren bila aritzeko aukera izango dute haurrek, eta beste hainbat jolasetan aritzeko ere bai; Iago magoak emanaldia egingo du jolasen ondoren, eta indarrak berreskuratzeko meriendarik ere ez dute faltako Aratzerrekara joaten direnek.
Eta gauean, auzo afariarekin eta trikitilarien musikarekin girotutako festarekin izango dute urteroko hitzordua Aratzerrekan. Bertako taberna bakarra itxita, hori bai, frontoian egingo dute festa, parrillak piztuta.
Egitaraua
Hau da maiatzaren 11rako Aratzerrekan prestatu duten egitaraua:
- 10:30. Txupinazoa eta Atxurraren igoera.
- 11:00. Pilota partidak.
- 12:30. Hamaiketakoa.
- 13:30. Meza nagusia.
- 16:00. Ume jolasak.
- 17:30. Iago magoa.
- 18:00. Merienda.
- 21:00. Auzo afaria, trikitilariekin.
- Goizaldera, atxurraren jaitsiera.