Martxan da Azpeitiko Gaztetxeko futbito txapelketa. Atzo arratsaldean hasi ziren sariketaren aurtengo edizioarekin Betharrametako jolastokian, eta finala uztailaren 19an, ostiralez, jokatuko dute plazan. Azken urteetan ostiral gauez jokatzen dute finala, parrilladaz lagunduta.
Aurten, guztira, hemezortzi taldek eman dute izena futbito txapelketan, eta bi azpitaldetan banatuta jokatuko dute sariketa. Guztira, bederatzi astetan zehar jokatuko dituzte partidak, eta azken urteetako txapelketa modalitatea mantenduko dute. Bi partida jokatuko dituzte egunero, aurrenekoa 19:00etan hasita eta bigarrena 20:00etan hasita. "Aste bakoitzean jardunaldi bat egingo dugu, hau da, guztira bederatzi jardunaldi. Talde bakoitzak jardunaldi batez atsedena izango du. Ondoren, final laurdenak, finalerdiak eta finalak jokatu beharko dituzte beste taldekoen aurka. Bi multzotako aurreneko lau taldeek Txanpionsa jokatuko dute, eta azken laurek Kopa. Bi multzotan azkenak sailkatzen diren taldeak kaleratu egingo dira", azaldu dute gaztetxekoek.
Azken urteetan egin duten bezala, finala Azpeitiko Gaztetxearen urteurreneko asteburuan jokatuko dute. Aurten, uztailaren 19an izango da finala, gauez, herriko plazan. Urteurreneko ospakizunaren egunean, uztailaren 20an, egingo dute sari banaketa.
Urtero gai baten inguruan egiten dute futbito txapelketa aldarri bezala. Iaz, euskal presoen alde antolatu zuten sariketa, eta aurten langile kontrolpeko espazioen alde egingo dute.
Honako hauek dira futbito txapelketan izena eman duten taldeak:
A MULTZOA:
- Trikue
- Gaztiek 1
- Gaztiek 2
- Sarandonga
- Goxotasun
- Zambonbazo
- Piki City
- Txakoli Fuola
- Etxe Zuriko albondigak
B MULTZOA:
- Ibaiertz
- Intzak lo ta jangok me
- Piki United
- Bituyok
- Zartaun
- Dandelion
- Kortzo
- Elizkale Krew
- Parra K.E
(Argazkiak: Aitziber Arzallus)